NAIZ

Australiako hauteskundeen irabazleak klima politika berri bat iragarri du

Australiako lider laboristak, Anthony Albanesek, astelehen honetan hartuko du herrialdearen lehen ministro kargua. Igande honetan iragarri duenez, hainbat politika aldatuko ditu, bereziki larrialdi klimatikoaren ingurukoak.

Anthony Albanese, Jodie Haydon emaztearekin eta Nathan Albanese semearekin, hauteskundeak irabazi ondoren.
Anthony Albanese, Jodie Haydon emaztearekin eta Nathan Albanese semearekin, hauteskundeak irabazi ondoren. (Wendell TEODORO | AFP)

«Politiketan aldaketa batzuk eginen ditut, zehazki klima aldaketari eta kontu horietan nazioartean dugun konpromisoari dagokienez», adierazi die Anthony Albanese Australiako lehen ministro berriak kazetariei, Sydneyn. Larunbatean hauteskundeak irabazi ondotik, oraindik ez dago garbi bere alderdiak, laboristak, gehiengo osoa lortuko duen ala gobernatzeko aliantzak osatu beharko dituen.

Laboristek 2030erako %43 murriztu nahi dituzte isuri kutsakorrak (2005etik). Konpromiso hori anbiziotsuagoa da orain arteko koalizio nazionalaren gobernuaren %26-28a baino. Orain desegitera doan gobernua herrialdearen barrenean zein kanpoan kritikatu dute klimaren krisiaren aitzinean neurri sendoagoak ez hartzeagatik.

Tokioko gailurra

Asteartean Tokion eginen den gailurrean parte hartuko du Albanesek, QUAD izeneko aliantzan. Australiarekin batera, AEB, India eta Japoniak osatzen dute berau. Horretarako, astelehenean bertan eginen du karguaren zina, Penny Wong Kanpo politiken arduradunarekin eta talde ekonomikoarekin batera, Camberran.

Asteazkenean, Australiara itzuliko da Albanese, gobernatzen hasteko.

Oraingoz, 74 eserleku ematen dizkie laboristei Australiako Hauteskunde Batzordeak. Gehiengo osoa izateko behar diren 76etatik hagitz hurbil dago, hortaz. Scott Morrisonen Koalizio Liberal-Nazionalak 52 eserleku lortu zituen, eta hauteskunde gauean bertan onartu zuen bere porrot handia.

Hamarkadetako inflaziorik handiena, %5,1ekoa

Behin-behineko zenbaketa ofizialaren arabera, Zentroko Aliantzak eta Katterren alderdi ultraeskuindarrak eserleku bana lortuko lituzkete. 151 eserlekuko ganberan, hamar diputatu independente ere egonen lirateke. Hauek klima aldaketaren aurkako neurriak babesten dituzte. Alderdi Berdeak eserleku bat eta hiru eserlekuren artean izan ditzakeela aurreikusten dute.

Hauteskunde kanpaina auzi ekonomikoen eta bizitzako kostuen igoeraren inguruan egin da bereziki, hamarkadetako inflaziorik handiena izan baita (%5,1ekoa). Kanpo politika, genero parekidetasuna, eta aipatutako klima aldaketa ere afera garrantzitsuak izan dira. Azken honek gero eta kezka handiagoa sortzen du hiru urteotan izan diren sute, lehorte, uholde eta koralen zuritzearen ondorioz.