NAIZ

BOSen ehun urteak, ehun metroko horma-irudi batean

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ehun urteko ibilbidea, ehun metro baino gehiagoko horma batean. Horrela laburbildu daiteke Pablo Astrainek, arte urbanoko espezialista eta margolaria, Bilboko Olabeaga auzoaren sarbiderako egin duen horma-irudi ikusgarria.

BOSek ehun urteeetan izan dituen zuzendariak, horma-irudiaren zati batean.
BOSek ehun urteeetan izan dituen zuzendariak, horma-irudiaren zati batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aurten BOSek bere ehungarren urteurrenaren karira prestatu dituen ekimen ugarien artean ‘ehungarren urteurreneko horma-irudia’ bezala definitu daitekeena ikusgarrienetarikoa suerta daiteke, seguruenik. Astelehen goizean erakutsi dute orkestrako eta Bizkaiko diputazioko arduradunek murala: Itsasmuseotik gertu dago, Olabeaga auzora Jesusen Bihotzetik datorren sarbidean.

Pablo Astrain da obraren egilea, arte urbanoko espezialista eta margolaria. Lan honetan BOSen historia laburbildu izan nahi du, ehun metro baino gehiago horma batean. Beraz, orkestraren 100 urteko historia horren irudikapen bat da, haren protagonisten bidezkoa.

Protagonista bat Arriaga antzokia da. Hain zuzen ere, bertan sortu zelako orkestra, 1992ko martxoaren 8an, eta han eskaini zuen lehen kontzertua.

Beste alde batean BOS lehenengo aldiz eratu zen unea ikusi daiteke. Armand Marsick lehen zuzendari titularra zuen eta irudia egiteko orkestrari egindako lehen argazkian oinarritu da, Arriaga Antzokian bertan, 1923an eginikoa. Zuzendari titularra argazkiaren aurrealdean ageri da.

Beste toki batean orkestrako gainerako zuzendari titularrak agertzen dira: Vladimir Golschmann, Jesús Arambarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcantara, Juanjo Mena, Günter Neuhold eta Erik Nielsen.

Euskalduna Jauregia ere islatuta dago –BOSen egoitza da 1999 urtetik– eta gaur egungo orkestraren irudia.

Leku oso berezia betetzen du horma-irudi horretan Maurice Ravel lapurtarrak. Euskal konpositoreen artean unibertsalena, haien lanak «Orkestraren DNAren osagai baitira», orkestra berak esan duenez. 1928an, Ravelek berak BOS zuzendu zuen haren obra ardatz zuen programa batean.

Obra honekin, ehun urteko historia hori hurbildu nahi izan zaie herritarrei, eta jende asko ibiltzen den leku batean kokatu.

Era berean, beste ekimen bat ere gauzatuko da, helburu hori bera duena: komiki bat, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ehun urteko historia jasoko duena. Komiki hau, amaitutakoan, Bizkai osoko ikastetxeetan eta liburutegietan banatuko da, eta BOSen web-orrian ere egongo da eskura, PDF formatuan.

Bi ekintza horiek ehungarren urteurrenaren karira antolatu dira, eta une honetan Bizkaian zehar dabilen erakusketa ibiltariarekin batera gauzatu dira.