NAIZ

Bizikleta martxa bat antolatu dute pentsio duinen aldeko kontzientzia pizteko

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa bat antolatu du ekainaren 13tik 25era bitartean pentsio duinen aldeko kontzientzia pizteko eta ilusioa zabaltzeko. «Festa giroan, giro herrikoian, alaitasunez, tentsiorik gabe eta sumindurarik gabe» egindako aldarrikapena izango da.

Pentsiodunen Mugimenduak otsailean egindako manifestazioa, Bilbon.
Pentsiodunen Mugimenduak otsailean egindako manifestazioa, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pentsiodunen Mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoak eta zaintza lana partekatzeko bizikleta martxa bat antolatu du. Ekainaren 13an hasi eta 25ean bukatuko da eta Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baionatik igaroko da. Haien asmoa «festa giroan, giro herrikoian, alaitasunez, tentsiorik gabe eta sumindurarik gabe» kontzientzia piztea da.

Mugimenduak zehaztu duenez, aldarrikapen hau Gobernu espainolaren pentsioen erreformaren bigarren zatiarekin bat dator. Haien iritziz, erreforma hau «Pentsio Sistema Publikoaren murrizketan eta pribatizazioan beste urrats bat besterik ez» baita.

Bizikleta martxak irauten duen egunetan beste hainbat ekintza antolatuko dituztela jakinarazi dute, herri eta zonalde bakoitzeko mugimenduak eta gizarte eragileak kontuan hartuta izango direnak.

Pentsio «publikoak, duinak eta nahikoak» bermatuko dituen Pentsioen Sistema Publikoa defendatzen lau urte baino gehiago daramatzatela gogorarazi dute ohar baten bidez. Bide batez, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua sortu zenetik egindako mobilizazio eta aldarrikapen guztiak oroitarazi dituzte. Hauen artean, Bruselan Europako Parlamentuaren aurrean egindako manifestazioa azpimarratu dute.