NAIZ
DONOSTIA

‘Orai’ adimen artifizialeko langunea sortu du Elhuyarrek, enpresei lehiakortasuna emateko

Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langune berria da Orai. Elhuyarrek sortua, industria, enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkie lehiakorragoak izan daitezen.

Elhuyarrek asteazken honetan aurkeztu du ‘Orai’ adimen artifizialeko langunea.
Elhuyarrek asteazken honetan aurkeztu du ‘Orai’ adimen artifizialeko langunea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Elhuyarrek ‘Orai NLP Teknologiak’ adimen artifizialeko langune berria sortu du, industriari eta enpreseri lehiakorragoak izaten laguntzeko. Lengoaia naturalaren prozesamenduko goi mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langunea da, eta enpresa eta erakundeei eskainiko zaie. Elhuyarrek 50. urteurrenaren testuinguruan sustatu du langune berria.

Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Josu Aztiria Urtaran ‘Orai NLP Teknologiak’ languneko koordinatzaileak aurkeztu dute ekimen berria asteazken honetan, Donostiako Kursaalen, 60 gonbidatu eta kazetariren aurrean.

Haiekin batera, ULMA Construction, Elhuyar, GNOSS eta Tecnaliako ordezkariak izan dira, eta adimen artifizialak eta lengoaia naturalaren prozesamenduak euren arloan eragiten dituzten onurak azaldu dituzte.

Soluzio teknologiko adimendunak

Enpresa eta erakundeei goi mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkie, eta industria ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango du xede. Izan ere, lengoaia naturalaren prozesamenduak komunikazioa errazten du, ahotsaren eta testuaren bidez, enpresen eta erakundeen jarduera zein pertsonen bizitza hobetzeko. Horrez gain, tresna teknologiko adimendunak eta etikoak ekoitziko ditu, unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresekin lankidetzan.

Ekitaldian azaldu dutenez, Elhuyar aitzindaria izan da hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan euskara txertatzen. Nolanahi ere, egungo gizarteak «erronka handiak» ditu digitalizazioaren eremuan, eta «erronka horiei erantzuteko beharrak, adimen artifizialeko proiektuen heldutasunak eta garapenak, eta 20 urteko esperientziak eta eskarmentuak abagunea eskaintzen dute euskaratik beste esparru eta hizkuntza batzuetara jauzia egiteko».

Hogei urteko esperientzia

Berria izan arren, ‘Orai NLP Teknologiak’ languneak 20 urteko esperientzia du atzean, baita bermea ematen dioten hainbat arrakasta kasu ere. Horren adierazgarri da urte hauetan guztietan taldeko kideek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituztela zenbait aldizkari zientifikotan, eta aitzindari izan direla Euskal Herrian hizkuntza naturalaren prozesamenduan egin diren ikerketetan. Gainera, lantaldean zazpi doktore daude.

Ildo horretan, «asko eta ezagunak» dira ‘Orai NLP Teknologiak’ languneko lantaldeak, bere ikerketaren emaitza gisa, aurretik mamitu dituen soluzio eta produktuak; ezagunenak Elia itzultzaile automatiko neuronala eta Aditu hizketa ezagutzailea badira ere, Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna eta Europako dirulaguntzekin Linguatec proiektuan baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako produktu eta tresnak ere daude.