NAIZ

Iberiar Penintsulako iparraldeko trenbide-sarea indartzeko eskatu dute hainbat eragilek

Iberiar Penintsulako iparraldeko trenbide-sarearen zerbitzua gero eta okerragoa dela ikusirik, horrek ekartzen dituen ondorioak konpontzeko bidean, sarea sustatu dezatela eskatu diete instituzioei. Izan ere, jende gutxiagok erabiltzen du trena eta eremu bakanduen despopulazioan eragina du.

Bilbo eta Ferrol arteko mobilizazioak iragartzeko agerraldia.
Bilbo eta Ferrol arteko mobilizazioak iragartzeko agerraldia. (EKOLOGISTAK MARTXAN)

Hainbat eragilek bat egin dute Iberiar Penintsulako Iparraldeko Trenaren aldeko Herritarren Plataforman bertatik igarotzen den trenbidea zonalderako garraio-publiko aukerarik onena dela aldarrikatzeko. Hala, mobilizazio bat egin nahi dute Bilbotik Ferroleraino trenbide sare hori indartu dezatela eskatzeko.

«Azken hamarkadetan, mantentze lanetan eta berrikuntzan inbertsiorik egin ez denez, etengabe okertu da eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea: bidaia denborak handiagotu egin dira, gorabeherak ugaritu egin dira, eta geltokietan langilerik, informaziorik edo garbiketarik ez dago», salatu du plataformak. Ekologistak Martxan bertako kidea da.

Tren sarearen zerbitzuak okerrera egin duenez, bidaiarien kopurua murriztu egin da. Era berean, merkantzien kasuan kudeaketa txarra eman dela uste dute, eta horiek bereganatzea kamioiak errepideetatik kentzea eta trenbidea finantziatzeko modua eskuratzea suposatuko luke.

Adierazi dutenez, Europar Batasuneko Kontu Auzitegiak ohartarazi du desoreka handia dagoela abiadura handiko trenbidearen eta aldiriko trenaren gastuaren artean. «Ezin da justifikatu ehunka kilometrok pairatzen duten abandonu-egoera. Kilometro horiek mantendu eta modernizatu egin daitezke, trenbide sarean egiten den inbertsioaren ehuneko txiki batekin», aldarrikatu dute.

Salatu dutenez, erakundeek ez dute aintzat hartzen kaltetutako eskualdeetan bizi den biztanleria; uste dute lan, osasun edo hezkuntza-arrazoiengatik joan-etorriak egiteko zailtasunek pixkanaka hainbat eremuen despopulazioari laguntzen diotela.

«Orain, inoiz baino gehiago, krisi energetikoaren, larrialdi klimatikoaren eta trantsizio ekologiko eta sozialaren beharraren testuinguruan, mugikortasuna ardatz nagusi bat da eta Kantaurialdeko trenak etorkizuna du. Horregatik, udalei, aldundiei, gobernu autonomikoei eta dagokien ministerioei eskatzen diegu tren publiko, sozial, iraunkor eta kalitatezkoaren aldeko premiazko neurriak dituen plana martxan jartzea eta zeharkatzen dituen eskualdeen arteko ardatza trena izan dadin», eskatu dute.

Hala, eskatzen dute trenen maiztasunak handitzea, ordutegiak oditzea eta puntualtasuna bermatzea; trena zaindu eta berritzea, eta beste garraiobideekin koordinatzea; libea osoa elektrifikatzea; eta Kantaurialdeko korridorea oinarrizko trenbide-sareko korridore Atlantikoan sartzea.