NAIZ

El Salvadorreko Gobernuaren joera «autoritarioa» salatu dute euskal eragile ugarik

Euskal Herriko dozenaka eragile eta norbanakok adierazpen bat kaleratu dute, El Salvadorren Gobernu berria indarrean sartu zenez geroztik bizi den egoera salatzeko eta herritarrei elkartasuna adierazteko.

Soldadu salvadortarrak La Esperanza espetxearen kanpoaldean.
Soldadu salvadortarrak La Esperanza espetxearen kanpoaldean. (Marvin RECINOS | AFP)

Dozenaka euskal eragile eta norbanako kezkatuta agertu dira El Salvadorreko Gobernu berriaren «jokabide zentralizatzaile, antidemokratiko, autoritario eta diktadurazkoa» eragiten ari den egoerarekin.

El Salvadorreko herritarrei eta batez ere arrazoi politikoengatik espetxeratuta daudenei –34.000tik gora erregimen berria ezarri zenetik– elkartasuna agertzeko adierazpen bat osatu dute. Sinatzaileen artean dira Bilgune Feminista, Paz y Solidaridad, ELA eta LAB sindikatuak, MunduBat, Mugarik Gabe, EH Bildu eta Ernai, beste askoren artean.

Era berean, «gatazka armatuaren amaiera ekarri zuten Bake Akordioen muina» babesten dutela agertzen du idatziak, gogora ekarrita gatazka horrek 75.000 hildako baino gehiago eta ehunka zauritu, torturatu eta desagertu utzi zituela.

«Kezka sortzen digu El Salvadorreko demokrazia hauskorra ahultzen ari dela ikusteak eta gobernu berriaren jokabide zentralizatzaile, antidemokratiko, autoritario eta diktadurazkoak», agertu dute sinatzaileek.

Gobernu berriaren jokaerak, beraien ustez, «ekarri ditu demokraziaren atzerakada, askatasunen galera, jazarpen politikoa, prentsaren eta buruzagi erlijiosoen aurkako jazarpena, justizia administrazioan fiskalak eta epaileak inposatzea, eta emakumeen mugimenduekiko eta LGTBI mugimenduko kideekiko mespretxua».

Agertutako guztiarengatik, eskaera sorta bat luzatu dute adierazpenean: batetik, arrazoi politikoengatik preso hartutako pertsonak askatzea, eta haien giza eskubideen urraketa sistematikoa bertan behera uztea.

Bestetik, Bake Akordioen harira sortutako Giza Eskubideak Babesteko Prokuradoretzak behatu eta salatzea preso politikoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak, eta atxiloketa arbitrarioak eragoztea.

Eta, azkenik, El Salvadorreko justiziari eskatu diote errespeta dezala preso politikoen errugabetasun-presuntzioa, eta bete daitezela haien berme konstituzionalak.