BABESLEDUN EDUKIA

Mariren jaitsierak eman die hasiera Beasaingo jaiei

Bi urte hauetan faltan bota diren festa giroa eta alaitasuna berriro itzuli dira Beasainera, La Salleko ikasleek piztu duten txupinazoarekin eta Mariren jaitsierarekin. Ekainaren 5a arte, egitarau zabala antolatu du jai batzordeak, tartean larunbateko danborrada berriztatua.

Suziriaren ostean, erraldoi eta buruhandiek hartu dituzte Beasaingo kaleak.
Suziriaren ostean, erraldoi eta buruhandiek hartu dituzte Beasaingo kaleak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Itxaronaldia luzea egin da, baina azkenean iritsi da Loinatz jaiak behar bezala ospatzeko ordua. Hamar egunez, adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu dira, «denetik eta denentzat».

Txupinazoa ostiralean izan, maiatzak 27, eta aurten La Salle ikastetxeko ikasleei egokitu zaie suziria piztea. Jarraian, erraldoi eta buruhaundiak irten dira kalez kale dultzainero, txistulari eta musika eskolako bandak lagunduta.

Gaueko 22.30ean, Mariren jaitsiera egingo da Loinazko San Martin plazan eta eguna Koskola txarangaren irteerarekin eta Muxutruk taldearen kontzertuarekin amaituko da.

Aurtengo egitarauan hainbat berrikuntza izango da, nagusiena larunbateko danborradak izango duen formatu berria, hausnarketa baten emaitza bezala. Horrela, lehenbizi haurren danborrada irtengo da 17.30ean Urbialde plazatik, eta 18.45ean helduen danborradarekin elkartuko da Loinazko San Martin plazan hainbat pieza elkarrekin jotzeko. Bitartean, omenaldia eskainiko zaio Pello Irizar herriko musikari eta konposatzaileari. Ondoren, helduen danborrada irtengo da bere ibilbidea osatzeko.

Bestalde, eta herritarren eskaerari erantzunez, erraldoi eta buruhaundien presentzia areagotu egingo da. Gainera, Koxkolo, Bagoilari eta Pitxu buruhaundiak berritu egin dira eta hauen zeregina ere aldatu egingo da. Izan ere, hemendik aurrera erraldoien inguruan ibiliko dira, haurren atzetik korrika egin gabe, eta gertutasunez goxokiak banatzen ibiliko dira.

Musika eskaintza

Musikari dagokionez, kontzertuen eskaintza handitu egingo da. Asteleheneko koadrilen egunean Cafe Irlandes taldearen kontzertua izango da Erauskin plazan; lehen igandean (maiatzak 29) su-festa musikatuaren ondoren Erabatera taldearen kontzertua izango da Bideluze plazan; eta mozorro egunean (ekainak 4), Spolen Girls taldea izango da Erauskin plazan baita ere.

Gainontzean, Muxutruk, Kilimak taltea, Goizeresiko txistulariak, Koxkola txaranga, Loinaz Musika Eskolako musika banda, Gabezin taldea, Tsunami taldea, Amak taldea, Musika eskolako trikitilariak eta Dj Disnoktia izango dira besteak beste.

Ohiko ekitaldiek, tradizioarekin lotura dutenek eta kirol jarduerek bere lekua izaten jarraituko dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, dantzaokea eta beste hainbat ekitaldi.

Erakunde eta establezimendu kolaboratzaileak:


ARGI OPTIKA

ARRAINKI

BARANDIARAN materialak

BEASAIN UDALA

GOYERRI recambios

MUJICA harategia

SIRMET