Oihane Irazu

Komiki lehiaketak bigarren edizioa

Gernikako bonbardaketa izan da, Euskal Herriko historiari lotuta, komiki-kontakizun bilakatzeko aukeratu den momentua.

Xabiroi aldizkariko Joseba Larratxe komikilariaren laguntza izan zuten Abusuko ikasleek.
Xabiroi aldizkariko Joseba Larratxe komikilariaren laguntza izan zuten Abusuko ikasleek. (NAIZ)

Ezagutu dugun historiaren zati bat komiki kontakizun bihurtzea ez da gauza erraza, eta lehiaketarako bada, are gutxiago. 14-16 urte bitarteko gazteek ez dute duela 85 urte gertatutako Gernikako bonbardaketa bizi izan –baliteke beren aitite-amamek ezagutu izana–, eta historiaren zati hori kontakizun moduan islatu dute komiki batean. Ezagutu ez duten historiaren zati hori idatziz eta marraztuz ezagutuko dute Euskal Herriko hainbat ikaslek.

Euskal Herriaren historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin abiarazi zuten iaz Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa. Aurtengoa, beraz, bigarren edizioa da. Ikastoletako gazteek eta beste ikastetxeetako batzuek ere parte hartu dute, eta guztira, 83 lan aurkeztu dituzte. Maiatzaren 15ean amaitu zen aurkezteko epea eta orain, komikigintzan profesionalak diren kideen esku dago irabazlea aukeratzea.

Aurkeztutako lan guztiak ikastolen jaien webguneetan izango dira ikusgai. Irabazleak, errekonozimenduaz gain, komikia Xabiroi euskarazko komiki aldizkariaren urriko alean argitaratzea irabaziko du, besteak beste.

Master klaseak Abusu ikastolan

Abusu Ikastolan, Ibilaldia antolatzen duen ikastola honetan, DBH3 eta DBH4 ikasturteetako gazteek landu dituzte komikiak, eta horretarako, Xabiroi aldizkariko Joseba Larratxe komikilariaren laguntza izan dute. Komiki baten garapenerako urratsak azaldu dizkie, eta taldeei lana bideratzeko laguntza eskaini die. Gainera, ikasleei lanaren inguruko iritzia eman eta ekarpenak egin dizkie. Komikia egiteko gaiari hurbiltzeko azalpen bat jarri zaie eskura ikasleei.

Hala ere, lehiatzea baino, parte-hartzea sustatzea bilatzen du ekimen honek. Horregatik, parte-hartzaile guztiek Xabiroi aldizkariaren urteko harpidetza jasoko dute eta parte hartzaile guztien artean Xabiroi bildumak zozketatuko dira.