Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Gorabidek 60 urte: Dena aldatu da, langile eta erabiltzaileen lotura izan ezik

Sei hamarkada adimen desgaitasuna duten pertsonen alde lanean. Ez da marka makala. Eta bertze hainbertze betetzeko ilusioz. Asteartean Bilbon egindako ospakizun ekitaldian profesionalak eta erabiltzaileak bildu ziren. Eta ongi sentiarazten dituzten eta ukitu ezin diren balioak nabarmendu zituzten.

Susana Gorbeña Gorabideko presidentea, zutik. Mahai-inguruan, Garbiñe Egia, Agustin Garcia, Leire Ibañez eta Amaia Martinez.
Susana Gorbeña Gorabideko presidentea, zutik. Mahai-inguruan, Garbiñe Egia, Agustin Garcia, Leire Ibañez eta Amaia Martinez. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Garbiñe Egia Gorabideko erabiltzaileak aurkeztu eta gidatu zuen erakundeko profesionalen arteko solasaldia. Babes pisu batean bizi da eta Lantegi Batuak-en egiten du lan. «Beti egon zarete hor, eta ongi sentiarazi gaituzue», eskertu zituen.

«Zergatik egiten duzue lan Gorabiden?», galdetu zien lehenbizi. Agustin Garcia arreta zuzeneko profesionala da. Lagungarri izateko gogoz hasi zen elkartean 80ko hamarkadan, boluntario. Hunkituta oroitu zituen garai «erromantiko» haiek. «Egoera prekarioagoak ziren, inkontzienteagoak ginen, legez kanpoko gauzak egiten genituen: 8-10 pertsona furgoneta batean eramatea bainatzera joatean lekuz nahastu ginelako… Zein ederra zen desgaitasuna duten pertsonekin lan egitea eta lagun talde bat sortzea».

Leire Ibañez koordinatzailea da eta 2008an sartu zen, «pertsonekin eta pertsonentzat lan egiteko». Bere ustez, «kide guztien jakintza partekatzeak ekarri du funtsezko aldaketa. Bakoitza bere esperientziarekin historia egiten goaz. Jakintza orokortzea posible egiten duten tresnak sortzeko gai izan gara».

Amaia Martinez babes arloko profesionala duela hiru urte batu zen, lan honen balio erantsiak erakarrita. Ordurako profesionalizatua zegoen erakundea. «Konpromisoak harritu ninduen. Gorabiden lan egiten dutenek bertan lan egin nahi dute. Erabiltzailea atetik sartzen den momentutik garrantzitsuena pertsona da. Horrek eman dit arreta eta asko gustatu zait».

«Badakizue zuen lanak eragiten digula?», jarraitu zuen erabiltzaileak. «Jakina, eta profesional onak edo txarrak izan positiboki edo negatiboki eragin dezakegu. Oso kontuan izan behar dugu hori», esan zuen Garciak. «Sortzen ditugun harremanek eta loturek zuen alde egin dezakete», erantsi zuen Ibañezek. Kasik dena aldatu da 60 urteotan. «Batez ere erabiltzaileenganako tratua hobetu da. Duintasuna, errespetua, justizia, eskubideak… Lehen pertsonengan pentsatuz egiten genuen lan, baina ez genituen kontzeptu horiek buruan, eta lagungarri dira», azaldu zuen Garciak. Egoitzak ere txikiagoak dira, erabiltzaile gutxiago dituzte, eta horrek izugarri lagundu du arretan. Lehen ez zeuden babes zerbitzuak ere ematen dira.

Zoriontsuago izateko

«Ezberdin hurbiltzen gara artatzen ditugun pertsonengana. Laguntza asistentziala soilik izatetik harremanera pasatu da. Nik ematen dizut eta zuk ere ematen didazu. Nik profesional bezala zuretzat onena dena pentsatzen dudana eta zuk nahi duzula esaten didazuna uztartzea da ideia», gehitu zuen Ibañezek. «Erabiltzaileen partaidetza funtsezkoa da. Erabakietan, adibidez», erran zuen Martinezek. Pertsonarengan zentratutako planak (PCP) bizitza zenbat hobetu dion kontatu zuen Egiak. Koldo ilobarekin duen harremanean kasu. Garciak agertu zuen tresna horrek erabiltzaileekin duten erlazioa hobetu duela. Euren zaletasun eta interesak ezagutzeko, eskubideak defendatzeko edota gauza berriak egitera animatzeko balio du, finean, zoriontsuago izateko. Martinezen arabera, «zure bizitzarekin egin nahi duzun horretan jartzen du fokua. Adibidez, bakarrik bidaiatzea pentsaezina zen 80ko hamarkadan, baina orain egin dezakezu eta asko ematen dizu».

«Laguntza asistentziala soilik izatetik harremanera pasatu da. Nik ematen dizut eta zuk ere ematen didazu»

Irribarrez azaldu zuen Garciak lan hau ez dela bertze edozein bezalakoa, eta badaki zertaz ari den, soldatzaile, tabernari eta komertzial ibilia baita. «Zure laguntza behar duten pertsonekin lan egitea da, zoriontsuago izan daitezen borrokatzea».

Ibañezek pertsonekin lan egitea konplexua dela oroitu zuen, «delikatua, egun osoan igurtzian zaude eta langileok batzuetan irrist egin dezakegu ausartegiak izateagatik. Baina asko ikasten dugu, eta lanean aplikatzen ditudan gauzak bizitza pertsonalera eramaten ditut».

«Nolakoa izanen da Gorabide etorkizunean?», horixe Egiaren azken itauna. Garciari iruditzen zaio teknologia berriek eraginen dutela, baina profesionalen eta erabiltzaileen arteko lotura hori ez galtzea espero du, konfiantza du horretan. Ibañezek proposatu zuen geroa erabiltzaileek markatzea eta langileak euren atzetik joatea.