NAIZ

32 urte preso daramatzaten Parot eta Esnalen askatasuna aldarrikatu dute Baionan

Jendetza bildu da larunbat honetan Baionan Jakes Esnal eta Jon Paroten askatasuna aldarrikatzeko. Ekainean eta uztailean baldintzapeko askatasun eskaeren erantzuna ezagutuko da. «Askatasuna posible egiten ez badute, Ipar Euskal Herri osoaren blokeoa antolatuko dugu uda honetarako», adierazi dute.

Jendetza bildu da Baionako erdigunean presoen askatasuna aldarrikatzeko.
Jendetza bildu da Baionako erdigunean presoen askatasuna aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Apirilaren 8an, 32 urte bete ziren Jakes Esnal, Jon eta Unai Parot presondegiratu zituztenetik. «Gaur egun, hirurak aske egonen lirateke baldin-eta ez balitzaie salbuespen neurririk aplikatu», nabarmendu dute Bake Bidea, Bake Artisauak eta Giza Eskubideen Ligako ordezkariek Baionan larunbat honetan egindako manifestazioan.

Adierazi dutenez, ekainaren 15ean, Jon Paroten baldintzapeko askatasun eskaeraren audientziaren erabakiaren berri ezagutuko dute, eta uztailaren 21ean iragarriko da Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren erantzuna.

«Bi gizon hauen askatasunaren aldeko erabakiak hartuko ez balira, egiazko Estatu mendeku baten parean aurkituko ginateke», ohartarazi dute, eta Jon Parot eta Jakes Esnalen askatasuna posible egiten ez badute, uda honetarako «Ipar Euskal Herri osoaren blokeoa» antolatuko dutela ohartarazi dute.

Egoera honen aurrean «larritasunez eta irmotasunez» interpelatu dute Emmanuel Macron Frantziako presidentea, «izan ere, gisa honetako prozesuak plantan ezartzen diren herrietako gobernu gehienak ez bezala, bake prozesuan ez inplikatzeko hautua egiten du».

«Macron jauna, noiz babestuko dituzu lurralde honetako jendarte zibila eta hautetsiak eramaten ari diren dinamika baikorra?», galdetu dute, eta «lurralde honetako herritarrek bizi duten problematika garrantzitsueenetariko batekiko isiltasunak eta aintzatespen faltak umiliazio sentimendu bat» eragiten duela gogoratu dute.

«Euskal Herriaren geroa eta zure agintaldia markatuko duen bake prozesu honen segidaren edo blokearen arduraduna zara. Macron jauna, historiarekin hitzordu bat dugu. gu presente izanen gara, zuk ez ezazu hitzordua huts egin», azpimarratu dute.