Arnaitz Gorriti

Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Ondarroarentzat dira denboraldiko aurreneko bandera ofizialak

«Ama Guadalupekoak» etxean lortu du bere hamahirugarren Gipuzkoako Txapelketa, emakumeen artean Oriok erakustaldia eman duen bitartean. Lekeitioko itsaso mugituan, Urdaibaik pronostikoak bete titu gizonen artean, Ondarroak Emakumeen Bizkaiko Txapelketa Deusturi egurra emanda irabazi duelarik.

Hondarribiak etxean lortu du bere hamahirugarren Gipuzkoako Txapelketa.
Hondarribiak etxean lortu du bere hamahirugarren Gipuzkoako Txapelketa. (Gorka RUBIO / FOKU)

Hasi da 2022ko traineru denboraldia. Suziriak eta entseguak amaitu dira eta hala, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatu dira domeka honetan, Hondarribian eta Lekeition hurrenez hurren. Eusko Label eta Euskotren ligen egutegitik at jarri dituzte lehiaketa hauek, txapelketa hauei dagokien garrantzia ematearren, eta hala, neurri baten, eskifaia «titularrak» erabali ahal izan dituzte traineruek.

Ondorioz, Hondarribia eta Orio atera dira txapeldun Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, Urdaibai eta Ondarroa izan dira denboraldiko aurreneko banderak astin du ahal izan dituzten taldeak.

Bereziki esanguratsua izan da Emakumeen Gipuzkoako Txapelketako estropada, Euskotren Ligako lau partehartzaileek egin baitute arraunean. Oriotarrek hiru traineru pasako aldearekin irabazi dute, eta bigarren postuan Tolosaldea mailaz igo berria izan da, Donostiako bi traineruen aurretik. Baina bigarren postua eta laugarrenaren artean hiru segundu baino ez dira izan: Tolosaldea, Arraun Lagunak eta Donostiarra sailkatu dira, hurrenez hurren, «mirotzengandik» urruti, baina akaso denboraldi oso interesgarria izango delako promesarekin.

Gipuzkoa

Goizeko 11.00etan Beteranoen Gipuzkoako Txapelketak urratu ditu urak hasteko, Zumaia, Fortuna eta Badok 13 taldeen arteko txanda bakarrarekin. Azken honek eraman du denboraldiko aurreneko trapua, nahiz eta beronen balioa sinbolikoagoa izan den beste ezer baino, beteranoen estropadaren ostean jokatu baitira emakumeen eta gizonen banderak.

Gizonen banderak nolabaiteko «morboa» zekarren, Hondarribia eta Oriok 12na bandera irabazita baizituzten ordurako. Bada, hamahirugarrena «Ama Guadalupekoak» etxeratu du, non eta hain ondo ezagutzen dituen uretan.

Aurreneko ziabogan Donostiarra sartu da lehenengo postuan, baina bigarren luzearen amaieratik aurrera etxeko «bikingoak» jaun eta jabe izan dira, bitartean ohorezko txanda osatu duten Orio eta Getariak aldea galdu duten bitartean.

Bada, bigarren ziabogatik branka besteren aurretik satu ostean, Hondarribiak ez du gupidarik izan. Are gehiago, «Ama Guadalupekoa» izan da 20 minutuz behetik estropada amaitu duen bakarra. Donostiarra ahalegindu da distantzia nolabait mantentzen, baina azkenean pare bat traineruz gorako distantziarekin nagusitu da etxeko trainerua, hurrenez hurren Donostiarra, Orio eta Getariaren aurretik.

Emakumeen Gipzukoako Txapelketa garrantzia berezia izan du, ohorezko txandan Euskotren Ligan parte hartuko duten lau traineruek egin baitute arraunean –gogoan izan datorren urtetik aurrera zortzi traineruk eriko direla Euskotren Ligan–. Oriok 2019 eta 2020an lortutako balentria errepikatu du igande honetan, pasa den urtean Arraun Lagunak izan baitzen nagusi.

Orio eta Donostiarra nabarmendu dira aurreneko luzearen ostean, Arraun Lagunak –egun Euskotren Liga eta Kontxako banderaren jabe dena– eta Tolosaldea atzean geratu diren bitartean. Hondarribiko estropada eremuan «mirotzek» egin dute aurrera eta itzulerako luzean gozatu ere egin ahal izan duten, goitik behera nagusi izan baitira.

Bigarren posturako, berriz, Tolosaldea eta Arraun Lagunak estu lehiatu dira, baina Tolosaldea igo berria nagusitu zaio «Lugañeneri», eta Donostiarra azken orduan atzean geratu da. Hala ere, lau traineruak kapaz izan dira 11 minutuko langa apurtzeko.

Bizkaia

Itsaso apur bat egon da Lekeitioko estropada eremuan, metro beteko olatuekin eta marea gorantz dela. Horrek azken denborei eragin die, baita neurri handi baten traineruen arteko aldeari ere, jakina baita Lekitioko estropada eremuak ez duela barkatzen itsaso apur bat dagoenean. Hain justu, Urdaibai eta Zierbena izan dira 21 minutuz azpitik Bizkaiko Txapelketa amaitu duten traineru bakarrak.

Beteranoen arteko estropada Mundaka irabazi ostean, interesgarria suertatu da oso gizonen estropada. Aurreneko luze bietan Urdaibai, Zierbena eta Ondarroa nahiko parekatu ibili baitira. «Bou Bizkaia» zen faborito eta hala bete tu Bermeoko taldeak zegokion rola, baina hirugarren luzera arte izerdi dexente bota behar izan du aldea atera bitartean.

Bestalde, inork uste baino askoz estropada eskasagoa egin du Santurtzik eta aldiz, Kaikuk, bigarren txandan arituagatik, sekulako estropada jokatu du, non eta hirugarren postuan Ondarroarekin berdintzea lortuta.

Aldiz, ikaragarrizko alderik lortu gabe ere, «Bou Bizkaiak» aldea handitzea eta egonkortzea erdietsi du, Zierbenako «galipoek» Ondarroa atzean laga duten bitartean, behin betiko podiuma ezarri dutelarik modu honetan.

Ondarroak eman du Emakumeen Bizkaiko Txapelketan. Deustu eta Portugaleterekin batera, txanda bakarra izan da eta Dustuko «Tomatera» bazen ere emakumeen artean irabazteko faborito –pasa den urtean Euskotren Ligara igotzeko play-offetan ez zuen alpettik parte hartu–, Ondarroak aise menperatu du.

Portugalete, esperotako moduan, berehala geratu da atzean, eta aurreneko luze horretan Ondarroa eta Deusturen arteko buruz buruko lehia geratu da txapela zeinek eramango. Ziaboga sasoian traineru biak batera izan dira –Portugaletek ordurako minututik gorako valera pilatu du–, baina Ondarroak, bigarren eta azken luzean, itsasoan ezinhobe moldatzen dela erakutsi du.

ETE  Liga zortzi egun barru jarriko da martxan eta Ondarroak motorra ondo berotuta duela erakutsi du. «Zero» kalerantz joanda, Ondarroak «Tomatera» bidean botata laga du, ia zortzi traineruren aldearekin sartu baita helmugan, Bizkaiko Txapelketa nagusitasunez eramanez.