Maddi Txintxurreta

‘Ulises’en euskarazko bigarren bertsioa eman du Xabier Olarrak, obraren mendeurrenean

James Joycen ‘Ulises’ lanaren euskarazko itzulpena berrargitaratu du Xabier Olarrak literatur lanaren mendeurrenean. Belaunaldi gazteak eleberri zahar-berria har dezaten gonbidatuta daude eta, irakurri dutenak, berrirakurtzera. Edizio «osatuago eta hobe» bat ekarri duela ziurtatu du itzultzaileak.

Xabier Olarrak astelehen honetan aurkeztu du ‘Ulises’en itzulpenaren bertsio hobetua.
Xabier Olarrak astelehen honetan aurkeztu du ‘Ulises’en itzulpenaren bertsio hobetua. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2022an jarri zuen Xabier Olarrak (Tolosa, 1958) James Joycen ‘Ulises’ euskaratzeko helmuga, baina zazpi urte lehenago bete zuen erronka, 2015ean. Orain, XX. mendeko lan literario garrantzitsuenen artean dagoen nobelaren mendeurrenean, itzulpenaren bigarren edizioa berrargitaratu du, «goitik behera» errepasatu ostean. Oraingoan ere Igela argitaletxearen eskutik eman da kalera ‘Ulises’.

«Egun berezia da», esan du Igelako Lander Majuelok, «kostata» egindako lanaren ostean lortu delako mendeurreneko edizio berezia plazaratzea. Lehen edizioak itzulpenaren Euskadi Saria jaso zuen –hirutan izan da garaile Olarra itzultzailea– eta, nahi ala ez, saria akuilu izan zen edizio hura hobetzeko. Orain, berrargitalpenarekin, beldaunaldi gazteei eleberria ezagutzera ematea dute helburu. «Eta irakurri duenak, goza dezala berriz».

Horrela, Joycen obraren mendeurrenari euskarazko itzulpen «osatuago eta hobe» bat eman dio opari Olarrak. Eta irakurleei liburu ulerterrazago bat, inpresioa egin bailezake, lodia izanagatik, soilik kanpotik ikusteak. «Egun bateko kontakizuna da eta batzuek esaten zuten egun batean irakur daitekeela; gezurra», esan du itzultzaileak liburu-aurkezpen atariko berba-txikian, Donostiako udaletxe zaharreko liburutegian.

Ulergarri egitea eta beste problema batzuk

2015eko itzulpena hobetzeko asmoa zuen Olarrak, eta lehen edizioa «goitik behera» hartu eta errepasatu du horretarako, testuko oharrak barne; «premiazkoak» baitira, itzultzailearen iritziz, liburua ulergarri egiteko, nahiz eta orain arte nazioartean egindako itzulpen gehienek ez duten azalpen-oharrik.

Bi laguntzaile izan ditu bide horretan. Batetik, Iñaki Ibañez itzultzaileak –‘Ulises’en irakurle sutsua omen– lehen edizioa irakurtzerakoan atzeman zituen akatsak bidali zizkion eta, bestetik, Iruñean bizi den lagun euskaldun-ingeles baten ekarpenak. Emaitza, bertsio «franko hobe» bat, «eta itzultzailea naizen aldetik gustura geratzeko modukoa», esan du Olarrak.

«Zergatik gertatzen da liburuen itzulpenetan, denboraren buruan berrikusi beharra? Arrazoi asko dira: hiztegi batua ez zegoen garaian egindako itzulpenak direlako, edo orduan egitura aski kanonikoak erabiltzen genituelako. Baina, kasu honetan, ‘Ulises’en beraren esentziagatik da», agertu du Olarrak. Joycek berak ez baitzuen «batere erraztasunik eman», aitortu du, eta 1922an argitara eman orduko hasi ziren ingelesezko testuaren gaineko zuzenketak eta azalpenak. «Aditu pila bat jarri zen zer esan nahi zuen aztertzen eta liburua errazteko edo ulergarriagoa egiteko saiatzera eraman ditu hainbat horrek», ekarri du gogora itzultzaileak.

James Joycen testuak nahiz haren itzulpenek eztabaida eta bertsio ugari atera dituzte plazara. Funtsean, «‘Ulises’en itzulpena eta testua bera hobetzen joango dira. Ingelesezko bertsioa hobetuko bada, itzulpenak ere hobetuz joango dira», zehatzu du.

Hartara, nobela ulergarri egitea bazen Olarraren erronka edo «problema» bat, «baina ez inportanteena», esan du: «Testua bera ingelesetik itzultzeak eta horrek dauzkan gora-behera guztiei aurre egiteak, horrek sortzen ditu problemak. Zergatik? Adibidez, hitz-jokoengatik. Nobela normal batean, behean jartzen du: ‘itzuli ezin daitekeen hitz-jokoa’. ‘Ulises’en horrelako dozena daude, esanahia eta ahotsa, hizkuntza bakoitzean bakarrak baitira. Itzultzaileek etsi-etsian ematen diegu soluzioa, ez dagoelako beste irtenbiderik».

Lanetan mardulena egin du Xabier Olarrak. Esan du ez dela «erabat lasai» geratuko –agian sekula–, baina «ia-ia»: «Abentura izan da hau eta, irakurlerik badu, uste dut eskertuko duela egindako ahalegina».