NAIZ

2030erako pestiziden erabilera erdira murriztera behartzea proposatu du Bruselak

2030. urterako Europar Batasunean erabiltzen den pestizida kopurua %50 murriztera behartzea proposatu du Bruselak. Estatu kide bakoitzak, bere egungo erabileraren arabera, gehiago edo gutxiago murriztu beharko luke kimiko kopurua.

Bi langile piperrak batzen, artxiboko irudi batean.
Bi langile piperrak batzen, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Europako Batzordeak nekazaritzaren esparruan proposamen berri bat aurkeztu du asteazken honetan 2030ari begira: Batasunean erabiltzen diren plagizida kimikoen kopurua erdira murriztera behartzea. Estatu kide bakoitzak helburu desberdinak izango ditu bere egungo abiapuntuaren arabera.

«Lehen aldiz, nahitaezko murrizketa-helburuak, helburu argiak eta arauak proposatzen ditugu (...), 2030erako Europar Batasunean pestiziden erabilera % 50 murriztuko dutenak», adierazi du Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak.

Arau berriek bereziki eragingo diete nekazariei, norma berrira egokitzeko ahalegin handiagoa egin beharko baitute. Hori horrela, araudi berriak haiengan izan dezakeen inpaktua leuntzeko xedez, Bruselak proposatu du neurriagatik kaltetutako nekazariek bost urtez Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntzak jaso ahal izatea.

«Ezohiko urratsa eman dugu eta NPBren arauak aldatu ditugu nekazariei ekonomikoki laguntzeko, bost urteko epean arau eta betekizun horien guztien kostuak estaltzeko», gaineratu du.

Komisarioak azpimarratu du ez duela «guztientzako enfoke bera» ezarriko, baizik eta proposatutako arauek «Estatu kide bakoitzaren pestiziden erabileraren aurrerapen historikoa eta nazionala kontuan» hartuko dutela bakoitzaren helburu estatalak ezartzerakoan.

Pestizidei buruzko araudiaren afera, ‘Itun Berdea’ delakoa sustatzeko proposamen-sorta baten baitan iritsi da. Itunak 2050erako Europar Batasunean biodibertsitatea berrezartzea du helburu. Europako Batzordeak, bere aburuz, proposamenak barnebiltzen dituen abantailak zerrendatu ditu ohar batean: «Proposamenak elikadura-sistemak modu iraunkorrean eraikitzen lagunduko du, Europako ‘Itun Berdea’-ren eta Baserritik Mahairako estrategiaren ildotik, elikadura-segurtasun iraunkorra bermatuko du eta gure osasuna babesten lagunduko du».

Pestiziden eragina ingurumenean

Bestetik, Europako Batzordeak nabarmendu du bai zientzialariak eta bai herritarrak «gero eta kezkatuago» daudela pestiziden erabileragatik eta horien «hondakinak eta metabolitoak» ingurumenean pilatzeagatik.

Hain zuzen ere, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziak, zeinetan herrialde guztietako europarrek parte hartu zuten, berariaz eskatu zuen plagiziden erabilerari eta arriskuei heltzeko.

Testuinguru horretan, Europar Batzordeak gune delikatuenetan pestizidak guztiz debekatzea ebatzi du. Gune horiek, besteak beste, hirietako berdeguneak, parke edo lorategi publikoak, jolas-guneak, eskolak edo kirol-zentroak, Natura 2000 sareko eremu babestuak eta mehatxatutako polinizatzaileentzat babestutako eremuak izango lirateke.