NAIZ

Emakumeek nahierako geldialdia eskatu ahalko dute billabesetako gaueko lineetan

Irailaren 1etik aurrera, Iruñerriko gaueko autobus zerbitzua erabiltzen duten emakumeek nahi duten puntuan eskatu ahalko diote gidariari gelditzeko, nahiz eta geltorikirik ez egon.

Billabesa bat, Iruñean.
Billabesa bat, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak ostegun honetan erabaki du bakarrik edo taldean bidaiatzen duten emakumeei zuzendutako tarteko geltokien sistema Eskualdeko Hiri Garraioko gaueko linea guztietara, billabesa bezala ezagutzen direnetara, zabaltzea. Hautazko geltoki sistema irailaren 1ean sartuko da indarrean gaueko linea guztietan, neguko ordutegiarekin batera.

Izan ere, martxoan ekimenaren proba pilotu bat jarri zuten martxan Nafarroako Gorteak eta Sarriguren lotzen dituen N10 linean. Linea hau gauetan erabiltzen duen bidaiari kopuruagatik, zeharkatzen duen guneagatik eta proba zuzenduta dagoen publikoarengatik hautatu zuten.

Hori horrela, Mankomunitateak eta TCC hiri garraioaren enpresak proba positiboki baloratu dute. Izan ere, probak iraun zuen hiru hilabeteetan, 37 bidaiarik eskatu zuten geldialdia geltokirik gabeko puntu batean, 30 toki desberdinetan guztira. Gau batean hautazko geltokia eskatu duten gehiengo bidaiari kopurua 4koa izan da, eta bataz bestekoa gauko 0,4 bidaiarikoa.

Era berean, azpimarratu dute probak iraun duen bitartean ez dela inolako intzidentziarik erregistratu eta ekimenak harrera ona izan duela bai erabiltzailen artean eta bai gidarien artean. Gainera, hautazko geldialdiek ez dute atzerapenik eragin autobus zerbituzan.

Eskubide hau gaueko linea guztietan aplikatu aurretik, gidariek formakuntza berezi bat jasoko dute udan zehar. Dena den, N10 lineak hautazko geralekuak mantenduko ditu udan ere.

Hautazko geltokien funtzionamendua

Hautazko edo tarteko geltokiek, gauez, emakumeen segurtasuna hobetzea dute helburu. Jaisteko soilik balio dute eta emakumeek bakarrik eska dezakete. Beraien izaera propioagatik, tarteko geraleku hauek ez dute seinalerik.

Hautazko geltokiak erabili ahal izateko, emakumeek autobusera igotzerakoan abisatu beharko diote gidariari, bestela, nahitaezkoa izango da gutxienez bi geltokiko aurrerapenarekin non jaitsi nahi duten jakinaraztea. Hortaz gain, zerbitzu hau erabili nahi duten bidaiariak gidariaren ondoan, lehen lerroetan, eseri beharko dira.

Bestetik, hautazko geltokia, gutxienez, geltoki ofizial batengandik 50 metroko distantziara egon beharko da gutxienez. Hala ere, gidaria izango da, azken finean, autobusa non geldituko duen erabakiko duena, bide segurtasuneko irizpideak kontuan hartuz.

Bukatzeko, zerbitzuaren erabiltzaileak aurreko atetik irten beharko dira. Salbuespen bakarra mugikortasun murriztua duten emakumeen kasua egingo da, hauek atzeko ateatik irtengo baitira malda erabiltzeko.