BABESLEDUN EDUKIA

Goierri Valley: bost urteren ondoren, etorkizunari begira

Goierri Valley elkarteak bost urte bete ditu eta azkeneko biak oso konplexuak eta gogorrak izan badira ere, Gipuzkoako eskualde honetako 72 enpresa elkartzen dituen erakundeak ekainean egindako Batzar Orokorrean argi geratu zen etorkizunari begira jartzeak duen garrantzia.

Goierri Valley elkarteak Batzar Orokorra eta bosgarren urteurrena ospatu zituen ekainaren 17an.
Goierri Valley elkarteak Batzar Orokorra eta bosgarren urteurrena ospatu zituen ekainaren 17an. (NAIZ)

Goierri Valley Elkarteak 2022 urteko Ohiko Batzar Orokorra ospatu zuen ekainaren 17an Ordiziako Barrena Jauregian. Aurtengo Batzarra berezia izan zen, elkarteak bost urte bete dituelako eta hori ospatzeko umorez jositako ekintza berezi bat egin zen Virginia Imaz Clown-aren eskutik.

Ekitaldiko gai nagusiak 2021eko Ekintzen Memoria eta Balantze Ekonomikoaren onarpena, etorkizuneko proiektu nagusien azalpenak eta galdera erantzun tarteak izan ziren.

2020. urtea bezain nahasia izan gabe, Covid-19aren krisiak markatutako urtea izan zena, esan daiteke 2021 urte nahiko konplexua izan dela enpresentzat. Susperraldi ekonomikoari esker, lana izan dute. Baina lehengaien eta energiaren prezio altuek, Asiako ekialdeko herrialdeetan produktuak pilatzeko faltak eta garraioaren prezio handiak baldintzatu dute enpresen jarduera. Horrek guztiak salmenta-prozesuak zaildu ditu, eta ezinezkoa izan da epe laburrean aurreikuspenak egitea.

Egoera horrek hainbat ezusteko eragin ditu enpresetan, eta denbora gehiago eman behar izan dute zeregin batzuetarako. Horrek Elkartearen funtzionamendua ere baldintzatu du, askotan ezinezkoa izan baita enpresen parte hartzea.

2021eko ekintzen memoria eta balantze ekonomikoa

Aurtengo batzarrean 2021eko ekintzen memoria eta balantze ekonomikoaren onarpena egin zen. Urtean zehar arlo desberdinetako hainbat proiektu eraman dira aurrera, baina badira batzuk bereziki aipatzekoak:

- Maurizio Uharterako ospitale modularra
Aykos Healthcare enpresak eta Jorge Cuevas arkitektoak Maurizio Uharteetarako ospitale modular bat egiteko proiektua zuten esku artean. Bartzelonan, beraien jatorrian, ez zuten aurkitzen ezaugarri horietako proiektu bat gauzatzen lagunduko zienik. Goierri Valley-n beste inon aurkitu ez dituzten gremioen koordinazioa egin dezakeen partner bat ikusi zuten.

Ospitale hau Bartzelonan diseinatu zen, Gipuzkoan ekoiztu zen eta Maurizio Uharteetara bidali zen itsas garraioaren bidez. Gipuzkoako hamabost enpresak baino gehiagok hartu zuten parte; horietako sei Goierri Valley-koak ziren.

- Mugikortasun berria
Mugikortasun berriaren esparruan egon daitezkeen aukera-eremuak eta horietan Goierri Valleyk zein zeregin izan dezakeen identifikatu ondoren, hala nola politika publikoak, balio-kateak, industriaren mapa, mugikortasunaren joerak, eragileen eta Euskadiko ekimen publiko eta pribatuen mapatzea, jarduera-ildo hauek definitu dira: Sentsibilizazio eta kapilarizazioa, ezagutza zaintzea eta helaraztea, aukerak identifikatzea, e.a. Jarduera hauek guztiak Goierrin mugikortasun berriarekin lotutako balio erantsizko proiektuak garatzeko espazioak sortzera daude bideratuta.

- Eraldatuz
Eraldatuz proiektua enpresetako pertsonen garapen, lidergo eta etengabeko hobekuntza lantzea helburu izan duen proiektua da eta bi zatitan banatu da. Lehenengo zatian, taldekako zortzi saio burutu ziren eta hamar enpresak parte hartu zuten, saio horietan, elementu motibatzaileak, lidergo eraldatzailea, errendimendu altuko taldeak eta etengabeko formakuntza bezalako zortzi gai landu ziren. Proiektuko bigarren zatian enpresak era indibidual batean landu zuten proiektua, zortzi enpresak parte hartu zuten eta proiektu ezberdinak gauzatu ziren, horien artean, lanpostuen antolaketa, harrera plana edota hautaketa prozesuen azterketa.

- Formakuntza
Bi formakuntza garrantzitsu eskaini dira 2021 urtean, batetik Kudeaketa Orokorra izenekoa, bost tailer izan dituena eta Goierri Eskolaren eskutik gauzatu dena eta bestetik, Merkaturatzea, Optimiza Mikromarketing enpresaren eskutik eman dena. Bi formakuntzen gaiak enpresak helarazi zituzten behar bezala Berrabiarazi ekimenaren markoan gauzatutako diagnosietan.

Ordiziako Barrena Jauregian egindako Batzar Orokorra. (NAIZ)

Aurrekontuak eta etorkizuneko proiektuak
Aurrekontuei dagokienez, aipatzekoa da Goierri Valley Elkarteko bazkideek jarri duten euro bakoitzeko 5,64€ kudeatu direla. Diru gehigarri hori, udaletatik eta proiektuengatiko diru laguntzetatik lortu da.

Etorkizuneko proiektuei dagokionez, aurten, 2025 urteari begira, elkarteak estrategia berria landu du. Estrategiaren lanketa egiteko baliabide desberdinak erabili dira, hala nola, kanpoko informazioa, Europa, Euskadi eta Gipuzkoako politiketatik eratorria, barne informazioa, plan estrategikotik, kudeaketa plan eta memorietatik, aurrez egindako proiektuetatik, asebetetze inkestetatik eta eskainitako proiektuetatik atera dena, enpresa bazkide eta ez bazkideei egindako inkestetatik eta bazkide diren ETE eta traktoreetako ordezkariekin Goierri Valleyko lankideak egin dituzten lan saioetatik lortu da. Guztira 60 enpresak parte hartu dute estrategia 2025 lanketan.

- Bisio berria, 2030 bisioa
Estrategia berriaren lanketarekin bat elkarteko bisioa ere berritu da eta orain, esan daiteke kanpora ireki eta hazi nahi duela Goierri Valleyk. Goierriko industriaren eraldaketa bultzatzen duen erreferentziazko industria-aliantza izatea du helburu orain elkarteak.

- Erronka berriak
Erronka berriak bi norantzatan definitu dira, enpresei zuzendutako erronkak eta elkarteko barne erronkak. Kanpoko erronkak ETEak ahalduntzea haien lehiakortasuna eta jasangarritasuna ziurtatzeko, talentua erakartzea, ekintzailetza babestea eta lankidetza sustatzea izango dira batik bat eta barne erronkak elkartea kanpora irekitzea eta elkartearen erakargarritasuna bultzatzea izango dira.

- 2022-2023 proiektuak
Erronka horiei aurre egiteko elkarteak proiektu desberdinak ditu esku artean, hala nola, industria eta teknologietan eraldaketa digitala bultzatuko duten HUB 4.0 eta Digitaliza proiektuak, esplorazioa eta ustiapena orekatzen dituzten erakundeak garatzeko ezagutza eta tresnak ematea ahalbidetuko duen “Organizaciones Ambidiestras” proiektua, Munduan, enpresei nazioartekotze ibilbidean laguntzeko, Talentua proiektua, non enpresen talentuarekiko beharrak aztertuko diren, eraikuntza modular industrializatua, Goierri-Valleyk zer lankidetza-saretan parte hartu behar duen identifikatzea eta erronka estrategikoak lortzera bideratutako akordioak ezartzea ahalbidetuko duen Partnership – mapa sektorial proiektua. Azkenik “Capacita mandos intermedios”, erdi mailako kargudunen kudeaketa-maila handitzea beren ardurapeko arloan, lanbide-trebakuntzaren eta -garapenaren bidez helburu duen proiektua martxan jartzea ere aurreikusten da.

Bosgarren urteurrena

Goierri Gipuzkoa barnealdean kokatzen den eskualdea da, menditsua, bi parke naturalez inguratua baina aldi berean, jarduera nagusia industria duena. Langilegoaren %55ak sektore honetan lan egiten du eta gure enpresek urte asko daramatzate elkarlanean, bata besteari lagunduz eta horren ondorioz Goierri eskualde lehiakor eta berritzaile bihurtuz. Lankidetza honen ondorioz 2017 urtean Goierri Valley elkartea sortu zen. Helburu nagusia, eskualdeko eraldaketa industrialaren motorra izatea zen eta hasieratik enpresek lurraldearekiko beren konpromezua azaldu zuten: 33 enpresekin hasi zen elkartea eta gaur egun 72 erakunde biltzen ditu.

Bost urte hauetan lan asko egin du Goierri Valleyk, etxe barruan zentratu gara gehienbat elkartea kontsolidatzeko asmoz: gure artean ondo ezagutu, konfiantza irabazten joan, enpresen arteko lankidetza sustatu eta batez ere enpresa txikiei laguntzeko proiektu ezberdinak garatu. Estrategian oinarritutako egitasmoak, pertsonen partehartzea sustatu, dibertsifikazioa landu, nazioartekotzea, e.a.

Lehen bost urte hauetako ibilbidea aberasgarria izan da. Hasierako helburuak orokorrak ziren eta, egindako ibilbidearen ondoren, bazkideen konpromisoa berretsi da, elkarteari egiten dizkioten eskakizunak zehaztu dira, elkartea ezagutzera eman dugu lurralde mailan eta Goierriko industriaren eraldaketaren erreferentziazko eragile bilakatu gara. Orohar, garatutako proiektuen eta enpresen arteko lankidetza mailaren balorazio ona egiten dugu. Horrez gain, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak profesionalizatu dira eta hasierako aurrekontua bikoiztu da.

Orain, kanporantz pauso bat eman nahi dugu. Estrategia 2025 lanketan enpresek hazteko eta kanpora irekitzeko eskatzen digute.