NAIZ

Bera Berak eta Beti-Onakek etxean jokatuko dute lehen jardunaldia eta Zuazok, Kanarietan

Egungo Liga txapeldunak Malaga aurkari zaila hartuko du etxean Liga hasieran, Ohorezko Mailara berriki igo den talde nafarrak mailan berria den La Riojaren aurka jokatuko du Atarrabian eta talde bizkaitarrak Rocasaren pistaraino joan beharko du lehiatzera.

Zuazok eta Bera Berak 11. jardunaldian jokatuko dute lehen derbia, baina aurten Beti-Onak talde nafarrak ere jokatuko du.
Zuazok eta Bera Berak 11. jardunaldian jokatuko dute lehen derbia, baina aurten Beti-Onak talde nafarrak ere jokatuko du. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Asteazken honetan zozkatu da eskubaloiko Ohorezko Mailako –Liga Guerreras deitutakoa– 2022-23ko denboraldiko egutegia. Aldaketa nabarmenekin dator aurten Liga. Alde batetik, pandemia garaian izandako 16 eta 14 talde izan beharrean, oraingoan 12 izango dira. Bestalde, Ligak bi fase izango ditu, liga erregularra eta titulurako play offa eta jaitsiera zehaztuko duen «play-down» deituriko –azken lau sailkatuentzako– beste play off bat.

Zozketak utzi duenaren arabera, hiru euskal taldeek 22 jardunaldi izango dituzte jokoan liga erregularrean. Ez dute hasiera erraza izango. Bera Bera egungo txapeldunaren kasuan, Malaga –etxean–, Granollers –kanpoan– eta Elx –etxean– izango ditu lehenengo hiru jardunaldietan.

Zubileta Evolution Zuazoren hasiera ez da errazagoa izango. Bizkiatarrek Kanaria Handiaraino hegan egin beharko dute lehenengo jardunaldian Rocasaren aurka jokatzeko, ondoren bi partida jokatuko dituzte etxean,  Porriño eta Malagaren aurka, eta laugarrenean Granollersen etxean lehiatuko dira, bosgarrenean Elx jaso aurretik.

Beti-Onak igo berriak hasiera ‘lasaia’ izango du, lehenengo jardunaldian maila gorenean berria den beste talde baten aurka arituko baita etxean: Grafometal La Rioja. Hurrengo bi jardunaldiak etxetik urrun jokatu beharko du talde nafarrak: Gijonen eta Porriñon.

Derbiei dagokienean, seigarren jardunaldian iritsiko da lehena, Bera Bera eta Beti-Onaken artekoa. Eta beste hauek jarraituko dute: Beti Onak-Zuazo (8. jardunaldian), Zuazo-Bera Bera (11. jardunaldian), Bera Bera-Beti Onak (17. jardunaldian), Zuazo-Beti Ona (19. jardunaldian) eta Bera Bera-Zuazo (22. jardunaldian, azkenekoan).

Aipatzekoa da egutegiak geldialdia izango duela urriaren 29tik azaroaren 26ra arte, Europako Txapelketarengatik. Gainera, aurten Supercopa Iberica deritzona jokatuko da, abenduaren 17 eta 18an, Espainiako eta Portugalgo Liga eta Kopa txapeldunen artean.

Liga erregularra apirilaren 15 eta 16ko asteburuan amaituko da, eta ondoren titulurako play offerako eta jaitsierako «play-downerako» txanda izango da.