Joseba Salbador Goikoetxea

Galbaian, hamar urte jabetza industrial eta intelektuala babesten

Jabetza industrial eta intelektualak gero eta garrantzia handiagoa dauka Euskal Herrian, bertako enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak sorkuntza lan etengabea egiten ari baitira azken urteotan. Ondare hori babesten laguntzeko sortu zen Arrasaten Galbaian kooperatiba.  

Ismael Igartua Galbaian kooperatibako zuzendariak dioenez, «gure txikitasuna lagungarria da kooperatiben espiritua mantentzeko».
Ismael Igartua Galbaian kooperatibako zuzendariak dioenez, «gure txikitasuna lagungarria da kooperatiben espiritua mantentzeko». (NAIZ)

Beti esan izan ohi da euskaldunak oso onak garela kalitatezko gauzak egiten, baita gauza berriak asmatzen ere, baina ez hainbeste saltzeko garaian, eta gutxiago asmakizun edo berrikuntza horiek balioetsi eta babesteko garaian.

Egoera horri buelta eman eta jabetza industrial eta intelektualaren arloan aholkularitza eskaintzeko helburuarekin sortu zen 2011n Galbaian kooperatiba, Mondragon korporazioaren barruan. Zehazki, Fagor Taldeko jabetza industrialeko barne-departamenduko langileek eratu zuten.

Ismael Igartua da Galbaian-eko zuzendaria eta, berak dioen bezala, «ez gara jabetza industrialeko ohiko talde bat. Galbaian sortu aurretik 25 urte baino gehiagoko esperientzia pilatu genuen Fagor Taldean eta ondo ezagutzen ditugu enpresen beharrak».

Eta zergatik erabaki zuten Fagor Taldetik atera eta kooperatiba berri bat sortzea? Ismael Igartuak azaldu duenez, «urte haietan gero eta eskari gehiago zegoen Fagorretik kanpoko enpresetatik, eta, lantalde potente bat geneukala ikusita, garai hartan departamendu hori osatzen genuen 11 pertsonek Galbaian sortzea erabaki genuen».

Horrela, gaur egun Mondragon korporazioko enpresei eskaintzen dizkiete beren zerbitzuak, baina baita taldetik kanpokoei ere –guztien heren bat–, hala nola zentro teknologikoei eta unibertsitateei. «Jabetza industrial eta intelektualeko tresnen bitartez enpresek, zentro teknologikoek eta unibertsitateek sortzen duten ezagutzaren eta teknologiaren inguruan esklusibotasun eremuak sortzen ditugu. Horrekin batera, hirugarrenen patenteak eta markak urratzeko dauden arriskuak ere aztertzen ditugu».

Lan hori aurrera eramateko Galbaianek erabiltzen dituen tresnak hiru dira nagusiki. Jabetza industrialetik hasita, asmakuntzak babesteko patenteak eta erabilgarritasun-modeloak prestatzen ditu, enpresa batek egindako asmakizunak beste inork ez kopiatzeko. «Guk egiten duguna honakoa da: enpresa horri aholkatu ea bere asmakizuna patentagarria den ala ez, eta, azterketa egin eta gero erantzuna baiezkoa bada, eskaera egin dagokion bulegoaren aurrean», azaldu du Igartuak. Galbaianek jorratzen dituen beste bi arloak diseinu industriala eta markak dira. Kasu horietan ere, bideragarritasun azterketak egiten dituzte. Eta jabetza industrialetik kanpo, jabetza intelektualaz ere arduratzen dira, autore eskubideen bitartez. Arlo horretan kokatuko litzateke software informatikoen babesa.

Galbaian kooperatibaren zuzendariaren iritziz, azken hamar urteotan euskal enpresek urrats handiak eman dituzte beren ondare intelektuala babesteko, nahiz eta oraindik, Europarekin alderatuta, atzetik goazen. 

Galbaianeko zuzendariaren iritziz, azken hamar urteotan euskal enpresek urrats handiak eman dituzte beren ondare intelektuala babesteko, nahiz eta oraindik, Europarekin alderatuta, atzetik goazen. «Berrikuntza mailan, esaterako, nahiko parekatuta gaude Europako beste eskualde batzuekin, baina jabetza industrialaren arloan, eta bereziki patenteei dagokienez, ez daukagu kultura hori».

Horregatik, Arrasateko kooperatiba ahalegin berezia egiten ari da azken urteotan enpresek beren estrategien barnean jabetza industriala eta intelektuala txertatu dezaten. Helburu horrekin, formazio saioak egiten hasi dira, «enpresek asmakuntzak babesteak duen garrantziaz kontzientzia har dezaten».

Kooperatiba txikia

Galbaian kooperatiba Arrasateko Garaia parke teknologikoan dago kokatua eta hasierako 11 pertsonako lantaldea 19koa izatera pasa da, gehienak ingeniariak, baita abokatuak ere. Horietatik seik patente europarren agente titulua dute, eta bost jabetza industrialeko agente dira.

Kooperatiba txikia izateak asko baldintzatzen du Galbaianen izaera. Ismael Igartuak dioenez, «denok gara bazkideak eta gure bokazioa da bazkide izaten jarraitzea eta proiektua sentitzea gure proiektu propio bezala, hau da, ez izatea langile soilak. Ildo horretan, gure txikitasuna lagungarria da kooperatiben espiritu hori mantentzeko».

Horrekin batera, eta aurreko ezaugarriari lotuta, egunerokotasunean euskaraz jarduten du Galbaianek. «Guztiok gara euskal hiztunak eta gai gara gure zerbitzua %100ean euskaraz eskaintzeko. Baina hori baino garrantzitsuagoa da gure barne funtzionamendua –harremanak, bilerak, aktak, txostenak…– euskaraz egiten ditugula».