Andoni Arabaolaza

Anetoko glaziarraren egoera arriskutsuak ibilbide alternatibo bat eskatzen du

Iragan ekaineko tenperatura altuek Pirinioetako mendi garaienaren glaziarra baldintza oso eskasetan utzi dute. GREIM taldeak eta Benasqueko mendi gidariek zuhurtzia eskatu dute.

Aspaldi iragarri zuten Pirinioetako glaziarren heriotza data. Eta ikerlariek dioten modura, hori ezin da saihestu. Azken berria Anetoko glaziarretik iritsi zaigu. GREIM taldeak ohartarazi du, joan den ekaineko bero handiaren eraginez, eremu izoztu hori oso arriskutsu dagoela. Hain zuzen ere, izotz fosil oso gogorra da nagusi.

Egoera gordin hori ikusita, batzarra egin dute talde horretako arduradunek, "Montaña Segura" kanpainakoek, Benasqueko mendi gidarien elkartekoek eta Renclusa aterpetxekoek. Den-denek honakoa baieztatu dute: «Une honetan Aneto alderdi oso-oso arriskutsua da; batez ere mendiaren glaziarra. Tenperaturei dagokienez, iragan ekaina ez ohikoa izan zen. Glaziarraren izotza oso goiz agertu denez, baldintzak erabat aldatu dira. Horri guztiari gehitu behar diogu udara honetan milaka mendizale bertaratuko direla. Osagai guztiok ez digute itxaropenik ematen, eta, horregatik guztiagatik, neurri batzuk hartzera behartuta gaude».

Batzar horretan parte hartu dutenek gehitu dute izotz gogor horrek eragotzi egiten duela kranpoiak eta pioletak behar bezala sartzea. Hori gutxi ez, eta azkenaldiotan inguru horretan luiziak eta ohiko ibilbideetan (igoeretan zein jaitsieretan) arrakala handiak ikusi dira.

Zuhurtzia

Ez dago zalantzarik, Pirinioetako mendi garaienak zein bere ingurumariak oso "argazki" itsusia dute. Egoera horren aurrean, oharraren sinatzaileek zuhurtzia eskatu dute: «Ez dago giro; ez mendizale xumeentzat ezta eskarmentua dutenentzat ere. Mendizale guztiei dei egiten diegu egin behar dituzten jarduerak arreta handiaz egin dezatela, baldintzen inguruan egiten diren ohiko aholkuak bete ditzatela eta eremu arriskutsu horietan jardun ez dezatela».

Bide batez, eragile horiek ibilbide alternatibo bat erabiltzea eskatu dute. Hain zuzen ere, izotz fosil hori ez ukitzeko: «Gure aholkua da Renclusa aterpetxetik irten eta goiko Portillon saihestu. Hobe da Renclusako lepotik eta Salterilloko iboitik jarraitzea; izan ere, helburu nagusia da glaziarraren behe aldetik ez ibiltzea. Finean, tontorraren azpira eramaten zaituen diagonala jarraitu beharko da. Azkenik, gogorarazi behar dugu ibilbide horretan ere kranpoien eta pioletaren erabilera ezinbestekoa dela».