NAIZ

Bederatzi dira Marmoladako glaziarrean hildakoak, beste bi gorpu aurkitu ondoren

Joan zen igandean Marmoladako glaziarrean izan zen lur-jausiaren ondorioz hildakoen kopurua bederatzira igo da, azken orduetan beste bi gorpu aurkitu ondoren, bertako agintariek jakinarazi dutenez.

Helikoptero eta dronekin ari dira bilaketa lanak egiten Marmoladan.
Helikoptero eta dronekin ari dira bilaketa lanak egiten Marmoladan. (Tiziana FABI | AFP)

Marmoladako glaziarrean, Dolomitetan, joan zen igandean izan zen lur-jausiaren ondorioz hildakoen kopurua bederatzira igo dela jakinarazi dute bertako agintariek asteazken honetan. Erreskate taldeek bi gorpu gehiago aurkitu dituzte.

Trentoko probintziako lehendakari Maurizio Fugattik azaldu duenez, bederatzi hildakoetatik lau dagoeneko identifikatu dituzte haien senitartekoek. Ofizialki desagertutakoak hiru dira eta haien bila ari dira airez, dron eta helikopteroekin, izan ere lurretik egitea arriskutsua dela deritzote, glaziarrean luizi gehiago izan daitezkeelako.

Zaurituak zazpi dira; horietako lau Trenton ospitaleratuta daude eta beste hiru Veneto eskualdean.

Nolanahi ere, Fugattik esan du datuok «zuhurtziaz» hartu behar direla balantzea behin-behinekoa delako eta azken orduetan ustez desagertuta zeuden zenbait mendizale topatu dituztelako.

Zaila desagertuak aurkitzea

Ezbeharra joan zen igandean gertatu zen, Marmoladako glaziarraren zati bat, 200 metroko luzera, 60 metroko zabalera 30 metroko lodierakoa askatu egin zen eta mendian behera erori, bidean zegoen guztia harrapatuta.

Erreskate taldeek uste dute zaila izango dela desagertuta dauden pertsona guztiak topatzea, glaziarretik erori zen izotz eta arroka masak bi futbol zelairen adinako zabalera eta 30 metroko lodiera duelako.