NAIZ
Gasteiz

Azken 50 urteetako abestiak bakarrean bildu dituzte Kanpezu udalekuen mende erdia ospatzeko

Kanpezu euskara sustatzeko udalekuak sortu zituztela 50 urte bete direla ospatzeko, abesti berezi bat sortu dute, ereserki bat, mende erdi honetan sona handia izan duten 50 abestiren letrak kanta bakarrean bilduta.

«Udaleku bat abesti on baten leloa bezalakoa da. Atal txiki bat da, baina bizitza osorako gogoratzen da». Premisa horretatik abiatu dira Kanpezu udalekuen 50. urtemuga ospatzeko.

Izan ere, 1972an hasi zen Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxea Arabako herri horretan 9 eta 13 urte bitarteko gaztetxoei euskarazko udalekuak eskaintzen, boluntarioek eginak.

Urteurren biribil hori baliatuz, ereserki gisa balioko zuen abesti bat sortzeko proposamena egin zuen Andoaingo Shernan Creative Collective agentziak. Bertatik azaldu dutenez, «azken 50 urteetan gehien gogoratu diren abestien zati batzuekin idatzia egotea nahi izan genuen».

Hainbat astez dokumentazioan eta idazketa sortzailean lan egin ondoren, «euskal musikaren historia handia idaztea lortu zen Kanpezuko historia txiki honetan».

Ekimen honen baitan, abestia streaming plataforma guztietan –Spotify, Youtube, Apple Music, Amazon eta abar– zabaltzea eta bideoklip bat ere sortu dute.

Ikusentzunezko lan horretan letra irakurriz joan daiteke, abestia osatzeko erabili diren diskoen azalak erakusten dituzten bitartean.

Kanpezuko arduradun Igor Berek azaldu duenez, «helburua mundu guztiak gure hizkuntzarekiko, musikarekiko eta gure ume-udak milioi bat izarreko hotelean ahalik eta gehien bizitzeko duen pasioa partekatzea eta kutsatzea da».