Sara Iriarte

Euskaraldiaren abesti berria kaleratu da ‘Esazu hitz bat’ lelopean

Xabier Zabalak sortutako doinuari Andoni Egañak jarri dizkio hitzak, eta Aiora Renteria, Petti, Maddalen Arzallus, Ainhoa Larrañaga eta Egaña bertsolaria berak ere jarri diote ahotsa Euskaraldiaren aurtengo abestiari.

Tolosako kaleetan ibili dira Euskaraldiko bideoklipa grabatzen.
Tolosako kaleetan ibili dira Euskaraldiko bideoklipa grabatzen. (EUSKARALDIA)

Gero eta gutxiago falta da Euskaraldiaren hirugarren edizioak Euskal Herria belarriprest eta ahobiziekin betetzeko. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte egongo da martxan ekimena, hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera handitzeko helburuarekin. 

Aipatutako data gerturatzen ari dela eta, hirugarren edizioa iragartzeko abestia aurkeztu dute. Aurtengoan, Andoni Egañaren hitzek janzten dute Xabier Zabalaren musika ‘Esazu hitz bat’ lelopean. Bertsolaria bera ere aritu da abeslari lanetan,  Aiora Renteria, Petti, Maddalen Arzallus eta Ainhoa Larrañagarekin batera. Kantuarekin batera, bideoklipa aurkeztu dute gainera, eta sarean entzun zein ikusgai daude kantua eta bideoa.

Hirugarren edizioa

2018an abiatu zen euskaraldia eta 2022an hirugarren edizioa izango du ekimenak. Dagoeneko abiatu dira herriz-herriko ekimenak eta ariguneetan jardungo duten belarriprest eta ahobiziek izena emateko aukera dute Euskaraldiaren webgunean. Ekimena bera azaroaren 18tik abenduaren 2ra gauzatuko da. «Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da», diote Euskaralditik.