Xabier Izaga

Pasazaite argitaletxea, bi urteko ametsa, hamar urteko apustu literaturazalea

Hamar urtez atzerriko literatura garaikideko itzulpenak argitaratzen jardun ondoren, urte honen amaieran ateak ixtea erabaki du Pasazaite argitaletxeak hainbat motibo direla eta.

Pasazaitek argitaratutako azken liburuaren azala.
Pasazaitek argitaratutako azken liburuaren azala. (PASAZAITE)

Pasazaite argitaletxearen ibilbidea amaitutzat edo behinik behin etentzat jo du haren sortzaile Xabier Queiruga editoreak joan den astean Twitterren jakinarazi zuenez, «azken hilabeteetan zehar ondo pentsatu ostean, eta arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak (noski) tarteko».

Hamar urtez iraun du argitaletxeak, bere hiru habe nagusiei eutsiz iraun ere: euskarari, itzultzaileei eta kalitate oneko literaturari. Izan ere, betiere euskal irakurleari begira, euskarara itzulitako liburuak argitaratu ditu Pasazaitek, nazioarteko literaturakoak eta, beraz, jatorriz hainbat hizkuntzatan idatzitakoak.

Liburuok euskaraz emateko lana hamahiru itzultzaile ezagun eta eskarmentudunen ardura izan da, eta Pasazaitek «merezi duten garrantzia eman» nahi izan die, «itzultzailea ez baita kredituetan agertzen den izen bat soilik».

«Kariñoz» hautatutako lanak dira, atzerriko literatura garaikidekoak eta, nazioartean entzute handia izan gabe ere, beren herrialdeetan irakurleen eta kritikaren oniritzia duten idazleek onduak.

Hamasei liburu argitaratu ditu Pasazaite argitaletxeak 2012tik. Duela hiru aste iritsi zen azkena liburu dendetara, Ludmila Ulitskaia errusiarraren “Soniexka”, hain zuzen, Josu Zabaletak itzulia.

Argitaratu zuen lehena Andrej Longo italiarraren “Hamar” izan zen, hori ere Zabaletak euskaratua. Tartean, Birgit Vanderbeke alemaniarraren “Muskuiluak afaltzeko”, Ainhoa Irazustabarrenaren itzulpena; Iolanda Zuñiga galiziarraren “Post-it bizitzak”, Iñigo Roque Eguzkitzak euskaratua; Cynthia Ozik estatubatuarraren “Xala”, Koro Navarrok euskarara ekarria; Hassan Blasim irakiarraren “ Kristo irakiarra”, Ana Moralesek itzulia, eta Slavenka Drakulić kroaziarraren “Han ez banengo bezala”, Amaia Apalauzak euskaratua, besteak beste. Halaber, nabarmentzeko modukoa da Gerardo Markuletak itzulitako “Hobe kontatzen ez badidazu” antologia, hainbat egile katalanen ipuinak biltzen dituena.

Bere jarduna etetea erabaki du Queirugak, baina urte amaiera arte liburuak banatzen jarraituko du, eta maketatzen hasita dago hurrengo lana, azkena izango dena, irailean kaleratzeko asmoz.

Bi urtez amets bat baizik ez zen izan argitaletxe honen proiektua, haren webgunean irakurtzen denez, amets bat eta «Donostiako tabernaren bateko paperezko zapietan zirriborratutako zenbaki batzuk. 2011 bukaera aldera, tabernako zerbitzaria aurpegi iluna jartzen hasi zitzaigunean, proiektuak aurrera egin behar zuela erabaki genuen eta, ezin baitzuen bestela izan, taberna bateko terrazan sortu zen ‘Pasazaite liburuak’ izena ere».

«Pasazaite» izena argitaletxearen liburuetara sartzeko gonbita da eta, era berean, liburuen ezaugarria nabarmentzen du, leku batetik bestera, hizkuntza batetik bestera pasatu izana «inportazioko liburuak»: «Kariñoarekin hautatuak, arrotzak bertakoak eginak, pasa daitezen alde batetik bestera letrak, pasa zaitez zu gure etxera».
 
Hamar urtez iraun du argitaletxeak eta badu meritua, batez ere krisi betean abiatu zela kontuan izanda, euskarazko liburuen argitalpena egoerarik onenean ez zegoela, hain zuzen. Proiektu txikia izan da eta badirudi amaitzear dagoela, baina ezin uka ametsa apustu arriskutsu bihurtu ondoren, aintzat hartzeko moduko lana egin duela.
Xabier Queiruga bera arduratu da hasieratik liburuen salmentaz argitaletxearen webgunearen bidez, eta berak banatu ditu liburu dendetan.

Azken agurrarekin batera, Queirugak eskerrak eman dizkie hamar urteotan berekin egon diren lagun guztiei, 13 itzultzaileei, irakurle klubei, proiektuan une oro ondoan izan duen bikotekideari eta «nola ez, irakurleei, mila esker fideltasunez beteriko hamar urte hauengatik». Azkenik, eskaera bat ere utzi du: «Segi literaturaz gozatzen eta argitalpen eta kultura proiektuak eta liburu denda independenteak babesten».