NAIZ

Errepide mozketa Cementos Rezolaren aurrean jazarpen sindikala salatzeko

Cementos Rezola enpresako langileek Añorgako enpresa parean dagoen errepidea moztu dute LABeko kide diren sei langileen aurkako epaiketa salatzeko.  Ostegun honetan hasiko da Donostiako epaitegietan.

Asteazken honetan LAB sindikatuak egindako ekimena.
Asteazken honetan LAB sindikatuak egindako ekimena. (LAB SINDIKATUA)

Ostegun honetan epaituko dituzte Cementos Rezolako sei langile, «greba eskubidearen gehiegizko erabilera» argudiatuta. Egoera honen aurrean, langileek Añorgako enpresa parean dagoen errepidea moztu dute salaketa moduan.

Halaber, LABek ohar batean iragarri duenez, ostegun goizean, 9.30ean, kontzentrazioa egingo dute Donostiako epaitegietan, Teresa de Calcuta plazan, «auziperatuei babesa erakutsi eta jazarpen sindikala salatzeko».

Ekainaren 23an LABeko ordezkaritza bat Donostiako Udaleko bilkuran egon zen. Bertan gogoratu zuenez, 2020ko urtarrilaz geroztik Cementos Rezola enpresako langileek eta zuzendaritzak hitzarmenaren negoziaketan dihardute.

«Ordutik hona lanpostuak suntsitzen ari da enpresa, aldi bakarreko kontratazioak eginez eta azpikontratazioa erabiliz lanpostu horiek betetzeko», deitoratu dute.

«Egoera honen aurrean, enpresa batzordeak hainbat greba egun deitu ditu. Cementos Rezolan 24 orduz egiten da lan, hiru txandatan eta honela, greba orduak txandetan banatu dituzte; lanera joan nahi zuena nahiz azpikontratetako langileak lantokira sartzeko inolako eragozpenik sortu gabe», adierazi zuen.

Hala ere, «berriki enpresako zuzendaritzak greba batzordea osatzen duten LAB sindikatuko sei pertsona auzitara sartu ditu, ‘greba eskubidearen gehiegizko erabilera’ argudiatuz eta uztailaren 7an epaituko dituzte».