NAIZ

EAEko erakundeek %50era arteko deskontua ezarriko dute garraio publikoetan

Iñaki Arriola sailburuak iragarri duenez, EAEko erakundeek bat egin dute espainiar Gobernuaren garraio publikoaren hobariarekin eta %50era arteko deskontua ezarriko dute bonuetan iraila eta abendua bitartean. Iragarri duenez, 14 milioi euroko gastu gehigarria ekarriko du horrek.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garraio publikoan aplikatuko dira beherapenak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garraio publikoan aplikatuko dira beherapenak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua den Iñaki Arriola EAEko Garraio Agintaritzaren (EGA) osoko bilkuraren buru izan da ostegun honetan. Bertan, espainiar Gobernuak Ukrainako krisiari eta prezioen igoerari erantzuteko garraio publikoarentzako hobariak arautzeko erabili duen errege lege dekretua aztertu dute.

Dekretuak zuzeneko laguntza sistema ezartzen du irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, garraio bonuen prezioa %30 murrizteko. Gainera, autonomia erkidegoek beren aurrekontuen aldetik %20rainoko beherapen gehigarria sortzeko aukera aurreikusten du.

Arriolak aurreratu duenez, Euskotrenek, Lakuaren mendeko sozietate publikoak, %20ko deskontu gehigarria aplikatuko du hiru herrialdeetako zerbitzuetan. «Neurri sozial eta ekologikoa da, herritar guztiei mesede egingo diena, batez ere klase ertainei eta langileei, eta garraio publikoa sustatzera, ibilgailu pribatuari pizgarriak kentzera eta, horrekin batera, CO2 emisioak murriztera bideratuta dago», adierazi du.

EGAren bileran ordezkatutako operadoreen arduradun instituzionalek beren garraio sistemetan ere hobaririk handiena lortzeko borondate politikoa erakutsi dute. Horren harira, Arriola sailburuak nabarmendu duenez, «euskal herritarrek hobariari ahalik eta etekin handiena ateratzearen aldekoak gara, baina, era berean, badakigu horrek ahalegin gehigarria dakarkiela ogasunei».

«Ogasunei administrazio bakoitzean neurri honek izan dezakeen eragin ekonomikoa aztertzea eskatuko diegu, adostasun batera heltzeko, betiere euskal erakundeen artean partekatutako ahalegin bateratuan oinarrituta», gaineratu du sailburuak.

«Zalantza» irizpideen inguruan

Ostegun honetan Gasteizen egindako bileran parte izan dira Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Hiri Agendako diputatua, Miguel Angel Gómez Viar Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatua, Carlos Ibarlucea Arabako Bide Azpiegitura eta Mugikortasuneko diputatua, Raimundo Ruiz Escudero Gasteizko Mugikortasun zinegotzia, Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Bilboko zinegotzia eta Iban Rodriguez Leioako alkatea, besteak beste.

Sailburuak aitortu duenez, zenbait «zalantza» agertu dira, besteak beste, %30eko deskontua gauzatzeko errege dekretuan aurreikusitako zuzeneko laguntzak banatzeko irizpideei buruz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren agindu baten bidez argitu ahal izango direnak. Nolanahi ere, EAEko Garraio Agintaritzaren osoko bilkuran ordezkaritza duten erakunde guztiek erabaki dute garraio bonuetan %30eko deskontua ahalbidetzen duten funtsak eskatzeko izapidetze administratiboan aurrera egitea, hobariak irailaren 1etik abenduaren 31ra arte martxan egon daitezen.