Maddi Txintxurreta

Etxepare Institutuaren eskutik gurean dira Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel-eko komisarioak

Erregionalismoak artearekin duen lotura lantzen du David Teh-k eta natura eta komunitateak pizten diote interesa Rahul Gudipudiri. Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioak dira eta Euskal Herrian daude bisitan, Etxepare Euskal Institutuak garatzen duen Zabal programaren eskutik.

Irene Larraza, Rahul Gudipudi, Bingen Zupiria eta David Teh, Donostian emandako prentsaurrekoan.
Irene Larraza, Rahul Gudipudi, Bingen Zupiria eta David Teh, Donostian emandako prentsaurrekoan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Irailaren 17tik azaroaren 20ra egingo den Istanbulgo Biurtekoko komisarioetako bat da David Teh, Ute Meta Bauer eta Amar Kanwarrekin batera. Rahul Gudipudi, bestalde, Arabiar Emirerri Batuan eta Saudi Arabian egoitza bana duen Art Jameel arte erakunde independenteko komisarioa da. Euskal Herrian astebeteko egonaldia egingo dute biek Etxepare Euskal Institutuak garatzen duen Zabal programaren eskutik, euskal artistekin loturak bilatzea helburu.

Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariarekin batean prentsaurrekoa eman dute bi komisarioek asteazken honetan Donostiako Tabakalerako LABe espazioan. Bertan zen, halaber, Bingen Zupiria Lakuako bozeramailea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Gudipudik azaldu du Art Jameel erakundean garrantzia berezia ematen diotela nazioarteko lankidetzari eta, Zabal gisako programei esker kolaborazio ugari izaten dituztela herrialde desberdinetako komisario eta artistekin. Hego Asian eta Ipar Afrikan mugitzen dira batez ere eta programa eta jaialdi ugari antolatzen dituzte bertan.

Ikerketak egin eta zabaltzea du helburu arte erakunde independenteak eta askotariko gaien bueltan lantzen ditu edukiak. Besteak beste, «natura, ekonomia edo gizarte gaiak lantzen ditugu, animismoari ere garrantzia handia ematen diogu, baita erritualei ere», zehaztu du komisarioak.

Orain, irailean zabalduko duten «urari buruzko jardunaldia» prestatzen ari da buru-belarri Gudipudi, «jabetu ginelako klima krisiak eta uraren krisiak larrialdi egoerara garamatzatela eta horri erantzun behar zaiola», azaldu du.

Arteak eskaintzen dituen aterabideak

Erregionalismoak artearekin daukan loturaren inguruko hausnarketak interesatzen zaizkio David Teh-ri, eta batik bat Hego ekialdeko Asiako arte garaikidearen bueltan egin du lan.

Irailaren 17tik azaroaren 20ra egingo den Istanbulgo Biurtekoaren prestaketak fintzen ari da orain, aspaldi hasi baitziren jaialdia prestatzen. Zehazki, «lan berri batean hasteko denbora zailenean», esan du, 2020 hasieran.

Baina egiteko moduak nola –"Zoom" programaren bitartez antolatu dira bi urtez–, Biurtekoaren edukia eta forma ere baldintzatu du osasun krisiak. Itxialdi garaian artistekin izan zituzten elkarrizketetan saiatu ziren pentsatzen «komunitateari nola lagundu», eta «krisia bizi ostean» ere, galdera berdinari erantzun bila segitzen dute: «Artistekin batera saiatzen gara egungo arazorik handienei aurre egiten, izan ingurumenari lotutako arazoak edo krisi politiko eta sozialak».

Horrez gain, beste iker-lerro bat lantzen ere badiardu komisario australiarrak, 40-50 profesionalez osatutako lantalde batekin. «Kazetaritza librea ere sustatzen dugu» esan du, nabarmenduz, ordea, arteak ere eman dezakeela gertatzen ari denaren berri. «Egunkariak eman beharko lukete egoeraren berri, baina gero eta zailagoa dute, beraz, zergatik ez egin artearen bitartez?», esan du.

Zabal programa

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren arabera, Zabal programak balio du nazioarteko artistek «zuzenean ezagutu dezaten gure artea». «Ezagutzen dituzte gure kulturuneak eta nork bere ildoarekin lotutako hainbat elkarrizketa edo hitzordu ere antolatzen ditugu», gaineratu du.

2019an abiatu zuen Etxeparek programa hau, euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu asmo, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen lorutak ezartzeko eta nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuekin lankidetza ildoak garatzeko.

Geroztik, hainbat artista etorri da Euskal Herrira. Ruth Estevez Sao Pauloko Biurtekoko komisarioa izan zen lehena, 2019an. Ruangrupa kolektiboa izan zen gero eta, pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, Maria Otero etorri zen iaz, Shanghaiko Biurtekoko komisarioa.