NAIZ

Lekerika osatu eta larunbatean jokatzeko moduan izango da, finalerdietako txartela helburu

Asteazken eguerdi honetan jarriko dira salgai abuztuaren 16an, eguerdiz baita ere, jokatuko den Gernikako Grand Slameko finalerako sarrerak.

Lekerikak etxekoen aurrean jokatzeko modua izango du larunbatean.
Lekerikak etxekoen aurrean jokatzeko modua izango du larunbatean. (JAI ALAI NEWS)

Unai Lekerikabeaskoa atzelari gernikarra prest dago larunbat honetan Gernikako Grand Slamean jokatzeko. Bere herriko kantxan hainbat entsaio eta proba egin ondoren, ondo ikusi du bere burua eta Aritz Erkiagarekin jokatuko du, larunbat honetan 21.00tan, Beaskoetxea eta Zabalaren kontra. Hil ala biziko partida da bi bikoteentzat. Irabazten duenak aurrera, eta galtzen duena kalera joango da. Momentuz, Olharan-Lopez eta Barandika-Etcheto bikoteek poltiskuan dute fianlerdietarako txartela, larunbatean Beaskoetxea-Zabala eta Hormaetxea-Aimarri irabazita.

Lekerikak ekainean izan zuen kuadrizepseko lesioa Donostiako torneoan eta hilabete egon behar izan zuen jokatu gabe. Itzulerakoan, bi partidu jokatu zituen gernikarrak, Pauen eta Biarritzen, berriz lesionatu zen arte. Hori dela eta, Gernikako Grand Slameko lehen jardunaldian Ibarluzea sartu bere zen ordezko moduan. Larunbat honetarako ostera, Lekerika prest egongo da. Aurretik, bihar asteazken honetan bertan jokatuko du Donibane-Lohitzunen. Goikoetxearekin osatuko du bikotea, Erkiaga eta Lopezen aurka. Master 3ko finalerdian, 20.45tan hasita.

Gernikan larunbatean jokatuko den beste partida Goikoetxea eta Basque, Barandika eta Etchetoren kontra izango da. Zumaiako aurrelariak eta Bidarteko atzelariak derrigor irabazi behar dute, txapelketan jarraitu nahi badute, Barandika-Etchetok inolako presiorik gabe jokatuko dute, dagoeneko sailkatuta daude eta.

Finalerako sarrerak salgai

Gernikako final handirako sarrerak berriz, asteazken honeta jarriko dira salgai, abuztuaren 2an, eguerdiko 12.00tan. Ikusmina itzela da eta pentsatzekoa da txartelek ez dute txarteldegian denbora asko iraungo, larunbatean bertan, ligaxkako partida batean 1.300 lagun inguru bildu ziren eta. Finala San Roke egunean, abuztuaren 16an, jokatuko da, eguerdiko ordutegian (12.00tan)