NAIZ
Baiona

Ur edangarriaren eskasia ekiditeko neurriak hartu dituzte Ipar Euskal Herrian

Ura eskuratzeko baliabideen eskasiari aurre egiteko, Prefekturak Ipar Euskal Herriko 20 herritan funtsezkoa ez den uraren kontsumoa murriztea erabaki du, hainbat arau eta debekurekin.

Ur edangarriaren eskasiari aurre egiteko murrizketak ezarri dituzte Ipar Euskal Herrian.
Ur edangarriaren eskasiari aurre egiteko murrizketak ezarri dituzte Ipar Euskal Herrian. (KAZETA.EUS)

Ur edangarriaren eskasia ekidite aldera, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak funtsezkoa ez den ur edangarriaren kontsumoa epe baterako arautzea erabaki du. Joan den asteartean, uztailaren 26an, sartu zen martxan araudi berria, herrietako uraren lehentasunezko erabilerak segurtatzeko.

Ipar Euskal Herrian Aldude, Aiherra, Bastida, Beskoitze, Mehaine, Ortzaize, Donamartiri, Sara, Amorotze-Zokotze, Banka, Behauze, Hazparne, Oragarre, Arrosa, Ahurti, Armendaritze, Bardoze, Bithiriña, Izturitze eta Donoztiri dira araudia aplikatu zaien herriak. Hendaiak, ildo horri jarraikiz, hondartzako dutxak hestea erabaki du uraren erabilera murrizteko eta idorte egoerari aurre egiteko.

Epe baterako araudi hori enpresa, elkarte zein norbanakoei begirakoa da. Horrela, goizeko zortzietatik gaueko zortziak arte baratze, lorategi, eta kirol zelaiak ureztatzea debekatua da. Soropil, ornamentazio-lorategi eta berdeguneei dagokienez, guztiz debekatua da, urtebete baino gutxiagoko zuhaitz eta zuhaixkak salbu, betiere aipatutako ordutegian. Golf zelaiei ere arau bera aplikatu zaie, kasu horretan zonalde berdeak eta abiatze zonaldeak salbuespen gisa hartuz.

Garraioen garbiketari begira, profesionalek eta partikularrek eginiko garbiketak bereizi dituzte. Profesionalek presio handiko materialarekin edo ur birziklatze sistema batekin garbitu dezakete soilik, osasun larrialdi bat izan ezean. Partikularrek, ordea, ezin dute garraiorik garbitu, presio handiko materiala edo ur birziklatze sistema baliatzen dituzten garbiketa guneetan salbu.

Fatxada, teilatu, espaloi, bide eta parekoen garbiketa debekatua da, osasun larrialdian edo berritze lanetan izan ezik. Metro kubiko bateko etxeko igerilekuak ere ezin dira bete, behar den mailan berrezartzeko edo igerilekuaren lehen betetzerako, honetan lehen murrizte baldintzak baino lehen hasi izanaren baldintzarekin.

Teknikoki posible den heinean, zirkuitu irekia duten iturri publiko edota pribatuen ur-horniketa ere ezin da egin.

«Neurri horiez gain, norberak ur edangarriaren kontsumoa mugatzea komeni da (lehentasunezko erabilerak betez, jakina: osasuna, zikintasuna eta segurtasun zibila), baita animaliena ere, orain arte horretarako murrizte baldintzarik ez den arren», zehaztu du Prefekturak.