NAIZ

Vesga: «Denboraldian zehar erregulartasunari eutsi nahi diot eta hazten jarraitu»

Athleticeko erdilari gasteiztarra rol berria izaten ari da denboraldi aurre honetan, duela asko jokatzen ez zuen pibote tokian bakarka jokatuz. Bera «gustora» eta «eroso» agertu da postu berri honekin eta taldearen sentsazioak oraingoz «onak» direla aitortu du.

Mikel Vesga, denboraldi aurreko lehen entrenamenduan Lezaman.
Mikel Vesga, denboraldi aurreko lehen entrenamenduan Lezaman. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticen denboraldi aurreak aurrera jarraizen du. Liga hasiera gero eta gertuago dago eta zuri-gorriak lan-saio gogorrekin ari dira prestaketa aurrera eramaten. Horietako bat Mikel Vesga da. Erdilari gasteiztarra mikrofono aurrean agertu da asteazken honetan, Lezamako entrenamenduaren ostean.

Vesga udako protagonistetako bat izaten ari da, zelai erdian, pibote moduan bakarka, kokatzen ari baita jokalari arabarra Ernesto Valverderen eskeman, orain arte jokatu duen postutik “urrun”. «Orain dela asko ez nuela postu horretan jokatzen, baina gustora sentitzen naiz», onartu du jokalariak. «Denok bezala, entrenatzaileak eskatzen dituen gauza berriei egokitzen ari naiz. Probak egiten ari da. Pibote postu horretan eroso nago, ondo sentitzen naiz eta uste dut bertan jokatzeko gai naizela», gaineratu du Vesgak.

Athleticek zenbait lagunarteko jokatu ditu dagoeneko, bai kanpoan –Ingalaterran eta Alemanian–, bai etxetik gertuago –Mirandan–, eta normala izaten denez, partida hauetan gauza berriak –are gehiago entrenatzailea “berria” denean– ikasten edo barneratzen joateko balio behar dute. «Ondo doa», azpimarratu du Vesgak aurredenboraldiari buruz galdetzerakoan. «Gogoekin hasi gara, entrenatzailearen kontzeptuak azkar barneratuz. Sentsazioak, oraingoz, onak dira», azaldu du.

Zentzu honetan, Marcelino eta Ernesto Valverderen artean dauden ezberdintasunei buruz ere galdetu diote Vesgari prentsaurrekoan. Erdilariak erantzun duenez, «entrenatzaile bakoitzak bere gauzak ditu». «Orain arte genituen gauza asko mantenduko ditugu, baina presioarekin edota jokoko gauzekin aldaketak egiten ari gara. Taldeak Ernestok nahi duena azkar ari da barneratzen eta hori San Mamesen nabarituko da», argitu du.

Kasualitatez, Mikel Vesgak Valverderekin egin zuen debuta, 2016ko abuztuan Sportingen aurkako neurketa batean ordu laurden jokatuta, Mikel San Joseren ordez zelairatuz, alegia. Arlo pertsonalean, «denboraldian zehar erregulartasuna mantendu nahiko nuke, hazten joan eta hau pixkanaka lortzen ari naiz», aitortu du.

Aurtengo helburuei buruz, taldeak argi du: «Gure helburua beti ahal dugun gorenean amaitzea izango da, Athletik ahalik eta tokirik onenean uztea. Azken urteetan Europan sartzeko lanean dihardugu; iaz oso gertu geratu ginen. Anbiziozko helburu horiengatik borroka egingo dugu eta taldeak gustoko du hori», azpimarratu du Vesgak.

Iñigo Martinez, taldetik kanpo lanean

Azken asteetan Athleticen inguruan arrazoi ezberdinengatik protagonismoa hartu duen beste jokalari bat Iñigo Martinez da, Bartzelonak jokalaria nahi duela –aurten edo datorren urtean– iragarri baitzuen.

Asteazken honetan Ondarroako atzelaria taldetik kanpo aritu da lanean. Klubak aditzera eman duensz, bizkaitarrak «min arina du ezker belauneko errotuluen tendoian, eta bilakaeraren zain dago».

Berarekin batera, Mikel Balenziagak «bihurritu arina du eskuin orkatilan, eta erritmo motelagoan entrenatu behar du».

Iñigo Martinezengatik ere galdetu diote Vesgari prentsaurrekoan eta gasteiztarrak aitortu duenez, «ez dugu ezer berezirik nabaritzen» bere taldekidearekin. «Ondo ikusten dugu, lanean ondo ari da. Egunerokotasunean dena oso normala izaten ari da, taldean denok oso lasai gaude», gaineratu du zuri-gorriak.