NAIZ

Lazaro Galarzaren errautsak Euskal Herrira itzuli dira

Euskal Herrian jaso dituzte ostegun honetan Lazaro Galarza oderiztarraren errautsak, bere senideek ekarriak. Euskal iheslari politiko ohia Mexikon hil zen uztailaren 16an, lan istripu baten ondorioz eta jada etxera buelta hasia zuela. 1990tik zegoen ihes eginda.

Sortu, Sare eta Etxerateko ordezkaritza bat Galarzaren senideekin, Noianen.
Sortu, Sare eta Etxerateko ordezkaritza bat Galarzaren senideekin, Noianen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lazaro Galarzaren euskal iheslari ohiaren errautsak Euskal Herrira itzuli dira ostegun honetan. Uztailaren 16an jakinarazi zuten 67 urteko oderiztarra hil zela, Mexikon garraio lanetan zebilela, zama gainera etorri ondoren.

Sortu eta Etxerateko ordezkariak hurbildu dira Noaingo aireportura, senideei beren babesa eta doluminak agertzera.

Euskal Herrira behin betiko itzultzekotan zen Larraungo bailarako Oderitz herriko semea. Izan ere, pasa den apirilaren 16an jada Euskal Herria itzuli zen Galarza, Iruñera hain zuzen ere, bere aurkako auzibide guztiak gaindituta zeudela egiaztatu ondoren, beste dozenaka iheslarik egin duten bezala.

Bisita horren ostean Mexikora itzuli zen, bertan denbora puxka bat emateko baina berriz ere bere jaioterrira etortzeko asmoz. Istripu horren erruz ezin izan du helburua lortu.

1994. urtetik Mexikon egon da Lazaro Galarza, espainiar auzitegien jazarpenari izkin eginez. Bi seme mexikar utzi ditu han HBko zinegotzi oihak.