Iraide Ibarrondo

Txupinera eta pregoilari jantziak soinean, Palacios eta Lazkano prest daude Aste Nagusirako

Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak eta Bilboko Konpartsek ostegun honetan aurkeztu dituzte, ofizialki, Aste Nagusian txupinera eta pregoilari lanean ibiltzeko jada prest dauden bi bilbotarrak: Iratxe Palacios eta Itziar Lazkano.

Itziar Lazkano pregoilaria eta Iratxe Palacios txupinera, abuztuaren 20an jantziko dituzten arropekin soinean.
Itziar Lazkano pregoilaria eta Iratxe Palacios txupinera, abuztuaren 20an jantziko dituzten arropekin soinean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak eta Bilboko Konpartsek ostegun honetan aurkeztu dituzte ofizialki Aste Nagusiko txupinera eta pregoilari lanetan ibiliko diren bi emakumeak: Iratxe Palacios Deustuko Tintigorri Konpartsako kidea eta Itziar Lazkano aktorea. Palacios eta Lazkano Aste Nagusiari hasiera emateko prest agertu dira Bilboko Udaletxean egindako prentsaurrekoan, jaiei hasiera emateko erabiliko dituzten jantzi tradizionalak soinean izan dituztela.

Bai Palaciosek eta bai Lazkanok azpimarratu dute «ohore bat» dela abuztuaren 20tik 28ra ospatuko den Bilboko Aste Nagusia abiarazteko aukeratuak izatea.

Ildo horretatik, Palaciosek aitortu du telefonoz txupinera izango zela jakinarazi ziotenean, hiru egun behar izan zituela albistea barneratzeko: «Hasieran pixka bat beldurtuta sentitu nintzen, baina, azkenean, poz-pozik. Itziar pregoilaria izango zela enteratu nintzenean, oso oso pozik jarri nintzen».

Lazkanok, nabarmen hunkituta kontatu duenez, behinola, lagun batek «altxor ikusezinen» kutxatxo bat oparitu zion, eta bertan bizitzan gertatzen zaizkion gauza polit guztiak gordetzen ditu, bai pertsonalak eta bai profesionalak: «2022ko Aste Nagusiko pregoilaria izatea kutxatxo horretan gordeko dudan gauzetako bat izango da».

Horrezaz gain, Lazkanok herritarren partaidetza festetan gertatzen den «guztiaren protagonista nagusia» dela adierazi du eta jai «alaiak, errespetuzkoak eta dotoreak» aldarrikatu ditu.

Pregoia prestatzen hasi ote den galdetzean, aktoreak ez du Arriaga Antzokiko balkoitik emango duen hitzaldiaren edukiaren inguruko pistarik eman, baina «laburra» izango dela aurreratu du. «Laburra izango da, jendea ez dago denbora asko itxaroteko», baieztatu du.

Pandemiari erreferentzia eginez, Palaciosek gogorarazi du, guztiontzat bi oso urte gogor izan direla eta Aste Nagusiko ospakizunak inoiz baino beharrezkoagoak direla: «Guztiok galdu dugu norbait edo oso gaizki pasatzen ari den norbait ezagutzen dugu. Normaltasunera itzultzen ari gara, oraindik normaltasun normala ez den arren. Bederatzi egun hauek behar ditugu gelditzeko, erlaxatzeko eta ondo pasatzeko».

Gonbidapen berezia emakumeei 

Azken asteetako eraso sexisten testuinguruan, Palaciosek emakumeak bereziki gonbidatu ditu Aste Nagusira: «Beldur pixka bat izan dezaketen emakume guztiak etortzera animatzen ditugu. Bilbo, Konpartsak eta nire kide guztiak prest gaude jaiei gogoekin ekiteko eta erasoen aurkako protokolo bat dugu. Ez dezatela beldurrik izan».

Ildo beretik, Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko jai zinegotziak berdintasunezko eta «inolako erasorik gabeko» Aste Nagusi bat exijitu du.