NAIZ
Burgos

Barakaldoko bi gazte hil dira Burgosen, auto istripu batean

Barakaldoko bi gazte Burgosen izandako auto istripu batean hil dira, BU-520 errepidean. Ezbeharra larunbata gauean gertatu zen, 23.00ak inguru zirenean. Gidatzen zuten kotxea errepidetik atera zen eta biktimak barruan atera ezinik hil ziren. Hogei urte zituzten.

Auto istripua BU-520 errepidean gertatu zen larunbata gauean, bigarren kilometroan.
Auto istripua BU-520 errepidean gertatu zen larunbata gauean, bigarren kilometroan. (Google Maps)

Barakaldoko 20 urteko bi gazte hil dira larunbat honetan, zihoazen ibilgailua errepidetik atera ostean, BU-520 errepideko bigarren kilometroan, Burgosen, zehazki Quintana Martin Galindez herriaren parean. Hala baieztatu dio Burgosko Gobernuaren ordezkariordetzak Europa Pressi.

Gertakariak joan den larunbatean izan ziren, gaueko 23.00ak pasatxo zirenean. Hipotesiak zabalik dira eta Guardia Zibila ezbeharra ikertzen ari den arren, antza denez autoak beste bat aurreratu zuenean errepidetik atera zen eta desnibel batetik behera erori zen. Autoa iraulita gelditu zen, eta bi gazteak barruan harrapatuta, ezin atera.

Auzokideek azaldu dutenez, bi hildakoak Montejo de Cebaseko bikote bat bisitatzen ari ziren inguruan, istripua gertatu zen lekutik gertu.

Antza denez, Quintana-Martin Galindez bisitatu ondoren, lau lagunak Montejo de Cebasera itzuli ziren bi autotan. Bidaia horretan, istripua izan zuen ibilgailuak beste bat aurreratu zuen, eta maniobra horretan galtzadatik atera zen.

112 asistentzia zerbitzuak gertakariaren berri eman zion Burgosko Trafikoko Guardia Zibilari, Burgosko Suhiltzaileei eta Miranda de Ebroko Suhiltzaileei. Istripuaren lekura bertaratu ziren larrialdietarako zerbitzuak, baina lekuan bertan baieztatu zuten bi gazteen heriotza.