Nerea Goti

Saltoka jarri du Gasteiz Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierak

Edurne eta Zeledon Txikiren jaistierak saltoka jarri du Andre Mari Zuriaren plaza, aterkia eskuetan, dantzan eta irribarretsu agertu diren Elaia Berganzo eta Unax Ferrera protagonisten esanetara. Gaur haurren eguna da Gasteizen.

Elaia Berganzo eta Unax Ferrera dantzan agertu dira balkoian, baina onartu dute hunkitu direla jendetza ikustean.
Elaia Berganzo eta Unax Ferrera dantzan agertu dira balkoian, baina onartu dute hunkitu direla jendetza ikustean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bero handiko igandea izaten ari da gaurkoa Gasteizen, eta hala ere ez da jai girorako oztopo izan. Hiriguneko kaleak jendez beterik daude goiz-goizetik, baina gaur txikienak dira jaietako protagonista nagusiak, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierari dedikatutako egunak agintzen duen bezala.

Tradizioa jarraituz, jendez gainezka agertu da Andre Maria Zuriaren Plaza, Hegotarrak kuadrillako Elaia Berganzo eta Karraxiko Unax Ferrera hamaika urteko gasteiztarren iritsieraren zain. Bota duten ‘Gora Gasteiz’ oihua entzutearekin batera, plaza osoa saltoka eta kantatzen hasi da Udal Musika Bandaren Zeledonen kantaren doinuen artean.

Haiek, «pozik», «hunkituta» eta «oso urduri» egon direla onartu dute. «Aparteko esperientzia eta eromena» izan dela azaldu du Ferrerak. Hitzak izan dituzte jaiez gozatu ezin duten haurrentzat.

Erraldoi eta buruhandien artean ehunka familiek bete dute plaza. Haurrak sorbalda gainean jarrita, eguzkitik babesteko zapi, aterki eta beste hainbat trikimailu asmatu behar izan dute gurasoek, eguzkiak gogor jo duelako.

Lehen txaloak eta oihuak dorrean txupinak jo eta Edurne eta Zeledon Txikiaren panpinak agertu direnean hasi dira. Jaitsieraren ondoren, hezur-haragizko pertsonaiak aterkiak zabalik San Migel elizako balkoira arteko bidaia egin behar izan dute, jendetzaren artean.

Bertan udal ordezkariek egin diete harrera. Udal tadeko zinegotzien ondoan, Gorka Ortiz de Urbina Zeledon ere izan da han, baita duela 22 urte hiru urte Zeledon txiki izan zen Txirrita kuadrillako Endika Saenz de Adana ere.

Zeledonen aholkurik jaso duten galdetuta, Ferrerak azaldu du biak zoriondu dituela. Hirurak, irribarretsu, agertu dira argazkilarien aurrean.

Hemendik urte batzuetara Zeledonen paperean jarriko liratekeen galdetuta, «hitz potoloak» direla esan du Ferrerak, baina jarraian onartu du gustura hartuko zuela erronka.

Komunikabideei eman beharreko elkarrrizketekin bukatuta euren kuadrillekin itzuli dira gasteiztar biak, gaur kalejirako buruan joango dira biak, azaldu dutenez.

Haurren txokoak eta Gazte Eguna

Gaurkoa Haurren Eguna da Gasteizen, eta bide horretatik doaz goizetik antolatu diren ekitaldi gehienak: Urrezko Zeledonen plazan, adibidez, Elkartasunezko Siroko-Zoroak izan dira AFANIS elkartearekin; Arriagako parkean, abentura guneak zabalik ditu ateak txikienentzat, eta Arka Plazan, haurrentzako jolasak antolatu dituzte Zintzarrikoek, besteak beste.

Luken taldekoek bermut joteroaren IV. edizioa ere izan dute goizean baita Belakiak taldekoen XVI. Traineru-estropada.

Txosnagunean Gazte Eguna ospatzen da igande honetan, eta bazkariez gain kontzertu proposamena dakar: Tatxers, Brigade Loco, Rotten XIII eta Dj Eskarolo, 22.00etatik aurrera.