Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Ruth Olaizola Sanchez, Hernanitik Parisa antzerkiak gidatuta

Hernanin jaioa. Langile ikastolako hasierako belaunaldietakoa da eta han deskubritu zuen antzerkia, «abentura handi bat» zen ikastola hark eskaintzen zizkion sorkuntza espazioetan. 17 urte zituela joan zen Parisa eta han antzerkiari lotutako unibertsitate ikasketak egin zituen.

Ruth Olaizola Sanchez Parisen lan egiten duen antzerkigilea da.
Ruth Olaizola Sanchez Parisen lan egiten duen antzerkigilea da. (OLAIZOLA)

Antzerkiaren munduan ibilbide oparoa egin du 17 urte zituela Hernanitik, jaioterritik, Parisa egin zuenetik. 25 urte baino gehiago daramatza Joël Pommeratek sortutako Louis Brouillard antzerki konpainian lanean eta hori epe luzea da sektorean. «Ez da ohikoa izaten hainbeste urtez jarraian konpainia berean eta zuzendari berarekin aritzea. Beste jende batekin ere lan egin izan dut, baina nagusiki Pommeratekin aritu naiz».

Hernaniko Langile ikastolan deskubritu zuen antzerkia. Ikastola horretako lehen belaunaldietakoa da Ruth Olaizola eta horrek, era batera edo bestera, bizitzan egin duen bidean arrastoa izan duela sentitzen du. «Ez dakit zehatz esaten zertan, baina Langileko ikasle izateak markatu egin nau. Familia bat bezalakoa ginen eta niretzat urte ahaztezinak dira umetako haiek. Orain, denboraren joanean, garbi esan dezaket abentura zoragarri hartan parte hartzeko zortea izan nuela».

Antzerkia, poesia... hasi berria zen ikastola hartan sorkuntzarako tartea zutela gogoratzen du Olaizolak. «Gogoan dut nire lehen poema, Andaluziari oda bat, nire amaren omenez. Antzerkia egitea ere naturala zen guretzat ikastolan. Espazio ludiko eta sortzaile garrantzitsua izan zen», nabarmendu du.

«Inoiz ez diot neure buruari galdetu zergatik egiten dudan antzerkia, edo zer suposatzen duen niretzat, agian bokazioak ez direlako azaltzen. Duela ez asko, Ixiar Egigurenekin, nire lehen andereñoarekin –betidanik asko maite izan dudanarekin– hizketan ari nintzela, galdetu zidan ea zer suposatzen zuen antzerkiak niretzat. Pentsatu egin behar izan nuen. ‘Askatasuna’, erantzun nion. Bai, uste dut talde lanerako askatasun gune bat dela; kolektiboa dena gustatzen zait, sorkuntza artistikoa, eta istorioak kontatzea. Ikusleei amets eginaraztea, haiekin mundu desberdinetan zehar bidaiatzea, obra desberdinekin».

Hernanitik Parisa

17 urte zituela, Hernanitik Parisa egin zuen familiarekin. «Ez dut askotan hitz egiten aldaketa horretaz. Garai zail samarra izan zen, eta antzerkiak asko lagundu zidan garai hartan. Aita eta ahizpa txikia Parisen zeuden, eta haiekin bizitzera joatea erabaki nuen. Erabaki zaila izan zen, baina niri gailendu zitzaidan», gogoratu du.

Lagunartea eta bizigunea asko aldatu zitzaizkion. «Parisen hiriaren handitasuna aurkitu nuen, alde kosmopolita, kultura, unibertsitatea eta antzerkia egiteko beste modu batzuk. Paris hiri gogorra da –hiri handi guztiak bezala– eta aldi berean liluragarria... Ordurako niretzat antzerkia egitea naturala zen. Baina unibertsitatera joan eta karrera bat egitea nuen buruan, beraz, antzerkia albo batera geratu zitekeen. Eta hara non jakin nuen Parisen antzerkiaren inguruko karrera bat zegoela. Hantxe eman nuen izena».

Lehenengo Sorbona Berria Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta gero, doktoretza, Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolan (EHESS). «Unibertsitatean antzerki ikasketak nahiko berriak ziren, nahasketa handia zegoen, jende gaztearen eta helduagoaren artean, antzerkian mugitzen zen jendearen artean, frantsesen artean eta baita atzerritarren artean ere. EHESSn, sartzen zarenean ikertzaile gisa tratatzen zaituzte, ez ikasle gisa, eta hura oso atsegina eta hezitzailea izan zen», gogoratu du Olaizolak.

Doktorego tesia osatzeko gai berezia aukeratu zuen: Elizaren eta antzerkiaren arteko harremana. «Nire ibilbidean tesia bigarren mailakoa izan da, nik aktore gisa egin dudalako beti lan eta tesia aktore bezala garatzeko modu bat zen. Izan ere, ez naiz irakaskuntzan aritu. Nire tesia aktoreari buruzkoa da. Izugarri gustatu zitzaidan gai bat aurkitu nuen: Elizaren eta antzerkiaren arteko harremana. XVII. mendeko jesuiten gaiari heldu nion, haiek ere antzerkia gaitzetsi zutelako eta, aldi berean, antzerkia praktikatu eta garatu zutelako, beren eskoletan, eszenaratze garrantzitsuekin; antzerki didaktiko eta erlijiosoa zen. Nire lana izan zen zehaztea antzerkigintza nola eta zergatik izan daitekeen ona edo txarra erlijioaren ikuspegitik, zergatik kondenatzen den aktore profesionala (batez ere emakumea denean) eta horrek dakarren irakurketa politikoa».

Aurretik aipatu bezala, 1994an Joël Pommeratekin egin zuen topo bidean eta horrek markatu du neurri handi batean bere ibilbide profesionala antzerkian. «Nire lehen ikuskizun profesionala 1995ean izan zen berarekin, nahiz eta 1994an ezagutu genuen elkar. Ni arte dramatikoko eskolan nengoen (unibertsitatearekin batera) eta berak aktore gazteak bilatzen zituen. Probara aurkeztu nintzen eta horren ondorioz hasi ginen elkarrekin lanean. Lankidetza luzea izan da. Hasieratik eta urte askoan, pertsona talde berarekin aritu naiz lanean».

Pommeratek “Pinotxo”, “Errauskine” edo “Txanogorritxo” bezalako ipuin klasikoak berridatzi eta eszenatokira eraman ditu, bere esanetan, istorioa berriro kontatu nahi zuelako. Ahalik eta modurik «sinple eta zehatzenean», ipuin horietan lantzen diren gaiak belaunaldi batetik bestera igarotzeko zubia izan dira Pommeraten lanak; hazteko nahia eta beldurra, bakardadea... «Nik ez dut haurrentzako obretan parte hartu, berak muntatu ditu gu beste lanekin biran ari ginen bitartean. Une honetan, artistikoki kolaboratzen dut talde horiekin, zuzentzen eta biran laguntzen. Uda honetan ‘Errauskine’ obra Parisko Porte Saint Martin antzokian eskaini dugu, 60 emanaldi guztira. Hiru lan gaztelerara itzuli ditu. Azkena, ‘Contes et légendes’, Madrilen eskaini dute uda honetan. Konpainia handituz joan da pixkanaka, eta orain hainbat taldek osatzen dute, beteranoen eta berrien artean. Pertsona askok egiten dute lan urte osoan. Eta, aldi berean, egitura txiki bat izaten jarraitzen du. Artisautza pixka bat dago gauzak egiteko moduan», azaldu du Olaizolak.

Sorkuntza, bertatik bertara

Pommeratek bere obrak bere aktoreentzat idazten eta muntatzen ditu. «Lan egiteko modua nahiko originala da, aktore gisa nire pertsonaien jaiotza eta sorkuntza bertatik bertara ikusten baitut. Eta baita obrarena ere. Berak entseatzen dugun aldi berean idazten du obra, eta entseguen hasieratik denok gaude bertan eta eszenan: aktoreak, argiak sortuko dituena eta eszenografoa, soinuarena, jantziena, teknikariak... Pommeratekin entseatzea eta lan egitea lanari eta nire aktore lanari buruzko hausnarketan bete-betean parte hartzea da. Gehienetan, idazten dizkigun paperak neurrira egindakoak dira. Denbora honetan guztian obraz obra, sorkuntzaz sorkuntza, pertsonaia batetik bestera nabigatu ahal izan dut. Urte askoan bizi diren obrak dira, gainera», azaldu du sorkuntza prozesuaren magia.

Esan bezala, bide luzeko lanak dira. Adibidez, ”Txanogorritxo” lana duela 17 urte sortua da eta martxan da oraindik. Eta Frantziako Iraultzari buruzko “Ça IRA” antzerki obrarekin sei urte baino gehiago daramate. «Izan dira lau obrarekin batera biran joaten ginen garaiak. Aipatutako ‘Ça IRA’ obra arrasto sakona uzten ari da Frantziako antzerkigintzan. Orain lan horretatik abiatuta film bat egiteko proiektua ere badago eta gurekin kontatzen dute».

Urte asko daramatza Ruth Olaizolak Euskal Herritik urrun, baina ahal duen guztietan gerturatzen da Hernanira, pertsona bezala eta antzerkigile bezala abiatzen ikusi zuen herrira. «Nireen maitasuna bilatzen dut, euskara, itsasoa, mendia, lurra. Lehen aitona eta amona zeuden, asko maite izan ditudanak, orain fisikoki ez daude, baina han jarraitzen dute...». •