NAIZ

Bidasoa Iruneko atea babesteko erronkarekin kementsu agertu dira Skrzyniarz eta Harbaoui

Skrzyniarz eta Harbaoui atezainak fitxatu ditu Bidasoa Irunek denboraldi berri honetarako. Xoel Ledo eta Jose Manuel Sierrak talde utzi geroztik, atea ondo babesteko asmoz Polinia eta Tunisiako selekzioetako atezain titularrak aukeratu zituen talde irundarrak. Asobal ligan estreinakoz arituko dira.

Skrzyniarz eta Mehdi, Bidasoa Irunek fitxatu dituen bi atezainak, Artalekun.
Skrzyniarz eta Mehdi, Bidasoa Irunek fitxatu dituen bi atezainak, Artalekun. (BIDASOA IRUN)

Bidasoa Irunek Jakub Skrzyniarz eta Mehdi Harbaoui atezainekin osatu ditu denboraldi honetako jokalari berrien aurkezpenak. Julen Aginagalde kirol zuzendariak adierazi duenez, «25-26 urteko jokalari gazteen bi fitxaketa dira, jada euren ibilbidea egina daukatenak eta hobetzeko gaitasuna erakusten dutenak. Onena opa diegu».

Skrzyniarz-ek Poloniako selekzioarekin jokatzen du eta PGNiG Superligako Atezain Onena izendatua izan zen joan den denboraldian. «Oso pozik» agertu da «Bidasoa Irunera etortzeko aukera izateagatik». Modu horretan, «Asobal Ligan zein EHF European League txapelketan ahalik eta gehien laguntzea espero» duela gaineratu du. «Espero dut denboraldi ona izango dela, bai klubarentzat, bai niretzat, Poloniatik kanpo egingo dudan nire lehen denboraldia izango den honetan», adierazi du.

Kazetarien galderei erantzunda, azaldu du «beste eskaintza batzuk» ere bazituela, «baina bai klubak, bai eskaintza oso zehatzak, eta Julen Aginagalderekin izandako elkarrizketek hona etortzeko konbentzitu ninduten».

Iaz Poloniako Ligako atezain onena izendatu zuten, eta Skrzyniarz pozik agertu da: «Oso polita eta garrantzitsua izan zen, baina dagoeneko urte honetan zentratuta nago, bai taldean, bai nigan. Nahiko nuke hemen ere sari berdina lortzen badut, baina oso zaila da, Asobal Ligan oso atezain onak baitaude, baina horretarako lan egingo dut».

Bestalde, Mehdi Harbaoui entrenamendu-dinamikan sartu zen astelehen honetan, Mediterranear Jokoetan eta Afrikako Kopan Tunisiarekin parte hartu ondoren, eta hasierako balorazio ona egin du: «Dena ondo doa, lan askorekin eta esperientzia onarekin».

Azaldu duenez, «Bidasoa Irun klub handia da eta erronka berri bat behar zuen, hemen aurkitu dezakedana».

Harbaouiren esanetan, Irunera etorri aurretik «Tom Tesoriererekin eta Ivan Popovicekin hitz egin dut, eta Artalekun sortzen den giro bikainaz eta hemen jokatzeaz oso pozik zeudela esan zidaten».

Taldearen helburuez galdetuta, aitortu du oraindik ez duela Liga «ondo ezagutzen, baina joan den denboraldian baino hobeto bukatu nahi dut. EHF European Leaguen kanporaketa bat dugu eta oraindik ezer gutxi esan dezakegu, ez baitugu ez zozketarik ez aurkaririk ezagutzen. Bi neurketa garrantzitsu izango dira multzoen fasera sailkatzen saiatzeko».