Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Ezkurdia-Zabaleta, Andra Mari Zuriko txapeldunak nagusitasunez irabazita (11-22)

Lasok finaleko lehen tantoa egin badu ere, urdinek hamar egin dituzte jarraian Ezkurdiaren joko praktikoarekin eta Zabaletak nahi zuena eginda, eta gorriek, atzean ondo defendatu den Imazekin, ezin izan diote buelta eman markagailuari.

Ezkurdia eta Zabaleta, podiumaren gorenean, Ogetako finala irabazi ostean.
Ezkurdia eta Zabaleta, podiumaren gorenean, Ogetako finala irabazi ostean. (ASPE)

Andre Maria Zuria Torneoak badu bikote txapeldun berria. Hori Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak osatutakoa da. Joko praktikoa eginda –aurrelariak potentzia eta atzelariak indarra–, aise menderatu dituzte Unai Laso eta Ander Imaz ordu txikitan espero baina azkenean hain berandu izan ez den partida batean.

Ezkurdiak eta Zabaletak sekulako bikotea osatzen dutela erakutsi dute beste behin. Egia da finalera iristeko jokatutako neurketan Lasok sekulako erakustaldia eman zuela, lesioa gainditu ostean onena, baina aurrean Zabaleta dagoenean, maila honetan, ezinezkoa da ezer egitea. «Gureak ez daude gaizki», onartzen zuen Aimar Olaizola Baikoko kirol teknikoak telebistako kameren aurrean norgehiakaren erdialdean. Baina Zabaletak –finaleko onena izendatu dute– Ogetarekin duen amodioa beste behin agerian geratu da gaurkoan.

Kasualitateak kasualitate, partidako lehen tantoa gorrien aldekoa izan da, Lasok ezkerrez zabalera egindako batekin. Baina hortxe amaitu dira Baikoko pilotarien esperantza guztiak. Hurrengoan Imazek ezin izan du pilota eraman eta urdinek hamar tanto egin dituzte jarraian. Batzuk gorrien hutsengatik gertatu dira, baina Zabaletaren eskuina berotzen joan den heinean, ikusi da zulorik ez zutela uzten.

Arraroa bada ere, 2-10ekoa arte hasierako pilota berarekin aritu dira Ogetan. Hau da, lehen sakea urdinen aldekoa izan da, baina ez gorriek ezta ondoren berriro urdinek ere ez dute esferaz aldatu. Aspekoei berdin zitzaien. Bereak egiten jarraitu dute. Lehen atsedenaldi luzera bederatzi tantoko aldearekin iritsi dira (3-12) Zabaletaren tanto bati esker eta bigarrenera hamarreko aldearekin (8-18), atzelari nafarrak errebotera bidalitako beste pilota batekin.

Etxarreneko pilotariak atzeko koadroetan erakusten duen nagusitasunaz gain, bere defentsa ere aipatu behar da. Gaurko finalean argi geratu da Ezkurdiari aurrean laguntzeko prest dagoela ere. Horren adibide 10-20koa suposatu duen tantoa izan da. Aspeko atzelaria bikain defendatu da, aurrera korrika eginda. Lastima izan da azkenean hutsa egin duela... bi paretak ezkerrez saiatzean!

Partidako azken une horretan gorriek markagailua pixkat txukundu ahal izan dute. Lasok tanto politak egin ditu. Adibidez, 11-20koan txokoan dejada bikaina egin du Ezkurdia ondo mugitu ostean. Baina ondoren bi huts egin –guztira bederatzi izan ditu– eta garaipena urdinentzat izan da.

PARTIDAKO FITXA:

Laso-Imaz: 11

Ezkurdia-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 507. Iraupena: 57:10. Markagailua: 1-0, 1-10, 2-10, 2-11, 3-11, 3-16, 6-16, 6-17, 8-17, 8-20, 11-20 eta 11-22, Sakez egindakoak: 1 Lasok eta 1 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 4 Lasok, 0 Imazek, 7 Ezkurdiak eta 3 Zabaletak. Hutsak: 9 Lasok, 2 Imazek, 3 Ezkurdiak eta 3 Zabaletak. Gertakariak: Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatu da Andre Maria Zuria Torneoko finala. Lehen sakea urdinentzat izan da.