NAIZ

Sexu eraso bat, sei ziztada eta bi eraso homofobo izan dira Gasteizko jaietan

Andre Maria Zuriaren jaietan sei ziztada, bi eraso homofobo, sexu eraso bat eta sexu askatasunaren aurkako hiru oldarraldi erregistratu dituzten arren, Urtaranen aburuz, jai hauek «azken hamarkadako onenak» izan dira.

Gasteizko Mugimendu Feministak festen lehen egunean deitutako eraso matxisten kontrako mobilizazioa.
Gasteizko Mugimendu Feministak festen lehen egunean deitutako eraso matxisten kontrako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak asteazken honetan egin zuen Andre Maria Zuriaren festen balantzean, jaiengatik oso «harro» dagoela eta horiek «urrezko matrikula» merezi dutela ziurtatu du. Alabaina, gutxienez, hamabi eraso erregistratu dituzte Arabako hiriburuko jaietan: sei ziztada, bi eraso homofobo, hiru salaketa sexu-askatasunaren aurkako delituengatik eta adin txikiko batzuen aurkako sexu eraso bat. Azken sexu eraso horrekin lotuta, hiru pertsona atxilotu dituzte.

Ziztatuak izan ziren biktimei analisiak egin dizkiete. Sei ziztatuetatik bosti ez diete substantzia kimikorik antzeman eta, azken ziztatuari dagokionez, zeina astelehenetik asteartera bitarteko gauean eraso duten, oraindik ez dira analisien emaitzak iritsi.

Urtaranek horiek guztiak «gaitzetsi beharreko eraso matxistak» direla nabarmendu du eta gorroto-delitu gisa tipifikatu daitezkeela adierazi du. Testuinguru honetan, erasoek «erantzun irmoa» izatea espero duela esan du alkateak. Gainera, «matxito harrapakari» horien aurka irmo jokatu behar dela adierazi du: «Oso gutxi dira, baina jaiak izorratzera datoz».

Erasoak «puntu beltz» gisa kalifikatu zituen arren, bere hitzetan, Andre Maria Zuriaren festa hauek «azken hamarkadako onenak» izan dira eta «urrezko matrikula» merezi dutela iritzi du.

538 salaketa

Abuztuaren 4tik 9ra Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 538 salaketa izapidetu eta 47 lagun atxilotu dituzte orotara. Horietatik 21 emakumeen aurkako indarkeriaren esparruko delituekin zerikusia dutelakoan atxiki dituzte. Izan ere, 31 salaketa genero indarkeriaren alorrekoak izan dira.

Hortaz gain, aurretik aipatu bezala, sexu askatasunaren kontrako erasoengatik hiru salaketa jarri dituzte.

Eraso matxisten inguruko informazioa eskaintzen duen puntu moreak, bere aldetik, 1.350 bisita jaso ditu eta turismo bulegoak 2.184 lagun artatu ditu.

Bestetik, 302 salaketa ezarri dituzte lapurretengatik: 211 mugikorrak lapurtzeagatik eta 41, diru zorroak.

43.000 ikusle baino gehiago

Urtaranek plazaratutako estimazioen arabera, Foru Plazako kontzertuek 43.500 ikusle inguru izan dituzte, eta Plaza Berrikoek, aldiz, 40.000 bueltan.

Aurten ia bikoiztu egin da turista atzerritarren zenbatekoa, aurreko urteetan, batez bestean, bisitari guztien %9 baitziren, eta aurten %17ra igo da kopurua.

Sortutako hondakinei dagokienez, garbiketa-zerbitzuek 2.600 kilogramo plastiko jaso zituzten Zeledonen jaitsieraren ostean, gero birziklatzeko. Jaietan zehar 2,6 milioi litro ur erabili dituzte kaleak garbitzeko, eta, orotara, milioi bat kilogramo hondakin batu dituzte. Alkateak aditzera eman duenez, hondakinen zifra hori «murriztu egin behar da».