D.L.

Mendebaldeak Errusia «terrorista» izendatzea nahi du Letoniak

Errusiarren gutxiengoari eskubideak onartzen ez dizkion Letoniak dei egin dio Mendebaldeari Errusia «terrorismoa sustatzen duen herrialde bezala» izendatzeko eta errusiarrei eta bielorrusiarrei EBera etortzen ez uzteko. Momentuz Estoniak eta Finlandiak soilik itxi dizkiete ateak.

Pentagonoko arduraduna, Lloyd Austin eta Letoniako Kanpo Arazoetarako ministroa, Artis Pabriks.
Pentagonoko arduraduna, Lloyd Austin eta Letoniako Kanpo Arazoetarako ministroa, Artis Pabriks. ( GintsI IVUSKANS | AFP)

Letoniako Parlamentuak Errusia «terrorismoa sustatzen duen herrialde» bezala izendatu du Ukrainiako inbasioa dela eta bat egin du Gobernuarekin Europako Batasunak Errusiako eta Bielorrusiako turisteei bisa eman ez dieizaien eskaeran.

Baltikoko herrialdearen Ganberak dei egin die bide batez beste herrialdeei Errusia «terrorismoa sustatzen duen herrialdetzat» jotzen duen adierazpena berea egin dezaten. Izan ere, otsailean eradoaldiari ekin zionetik era guztietako «sarraskiak» egin izana leporatzen die indar errusiarrei eta zibilen aurkako biolentzia «terrorismoa» dela salatzen du.

Horrela, bada, Errusiaren aurkako zigorrak «areagotzea ezinbestekoa» dela diote diputatuek NATOko kideei zuzenduz.

Hala ere, ez dirudi, momentuz behintzat, Europako Batasunak, bloke bezala bederen, turista errusiarren bidaiak ekiditzeko asmoa duenik.   

Estoniako lehen ministroak, Kaja Kallasek, «Europara bidaiatzea pribilegio bat» dela ziurtatu du aste honetan, eta «ez giza eskubidea». Oraindik soilik Finlandiak eta Letoniak egin dute bat Estoniarekin.

Letoniako Parlamentuan Kanpo Arazoetarako presidenteak, Rihards Kolsek, Errusiak «urteak eta urteak daramatza erregimen eta erakunde terroristei laguntzen», ziurtatu du eta orain Ukrainian «taktika krudelak eta ilegalak» erabiltzea egotzi dio, tartean «debekatuta dagoen armamentua eta neurririk gabeko basakeria».