Iraide Ibarrondo

«Euskarazko izenak jodidu nahi dituzte beti: Kalimotxo K eta TXrekin idazten da!»

50 urte pasatu dira Algortako (Getxo) ‘Antzarrak’ kuadrillako kideek kalimotxoa asmatu zutenetik. Urteurrenaren harira, omenaldia egin diete Portu Zaharreko festetan eta, bertan, argi eta garbi utzi dute edari ikonikoaren izena zein den: «Kalimotxo K eta TXrekin idazten da!»

Antzarrak kuadrillako kideak, kalimotxoaren sortzaileak. Erdian, plaka eusten, Kalimero.
Antzarrak kuadrillako kideak, kalimotxoaren sortzaileak. Erdian, plaka eusten, Kalimero. (Oscar MATXIN | FOKU)

Ostiral honetan 50 urte pasa dira Algortako (Getxo) ‘Antzarrak’ kuadrillako lagunek kalimotxoa asmatu zutenetik. Efemeridea ospatzeko jendetza bildu da Algortatik mundu osora zabaldu den edari ikonikoaren asmatzaileei egin dieten omenaldian, portuan bertan. Talde argazkia atera ostean, aurreskua dantzatu, bertso bat abestu eta plaka oroigarri bat oparitu diete Antzarrei.

NAIZ Agustin Martinezekin Txintxu, izan da, Antzarrak kuadrillako kidea eta edariaren asmatzaileetako bat. Gogoratu duenez, 1972an garagardoa eta ardoa edaten ziren batik bat. Portu Zaharreko jaietarako ardo eskaria egin zutenean, ardoa ozpinduta iritsi zen, eta zaporea disimulatzeko metodo baten bila hasi ziren.

«Norbaitek esan zuen: ‘Zergaitik ez dugu koktel bat egiten?’. Orduan, dena nahasten hasi ginen. Konplikatua izan zen dena botilaz botila sartu behar genuelako. Alboan bazegoen etxean bainuontzi bat zeukan igeltsero bat, eta haren bainuontzira bota genituen ardoa, coca-cola, zerbait gehiago eta izotz piloa. Horrela nahastu genuen, jada pozima eginda zegoen», kontatu du.

Nahastea egin ostean, tabernetara jaitsi aurretik edaria bainuontzitik atera beharra zegoen. Beraz, parrandan irten baino zertxobait lehenago jarri zuten edaria garraiatzeko hitzordua: «Kuadrillakoak tabernetan hasi baino lehen gelditu ginen edaria kargatzeko, eta Kalimero eta beste mutil bat, Motxon, berandu iritsi ziren; ‘han datoz Kalimero eta Motxon!’. Eta hortik irten zen kalimotxo».

Omanaldian egindako hitzaurrean aipatu dutenez, munduan 500 milioi pertsonak ezagutzen dute kalimotxoa. Alabaina, pertsona guzti horien artean, badaude oraindik nola idazten den ez dakiten despistatuak, eta horientzat mezu argi bat utzi du Txintxuk: «Kalimtoxo K eta TXrekin idazten da. Beti euskarazko izenak jodidu nahi dituzte!».

Portu Zaharretik sanferminetara

Ardo eta coca-colaz egindako edaria laster hasi zen inguruko herrietatik zehar zabaltzen. Dena den, Antzarrak sanferminetara parrandan joan zirenean, bertan inork ez zuen kalimotxoa ezagutzen. «Sortu eta hurrengo sanferminetan kalimotxo bat eskatu genuen eta ez zekiten zer zen. Hainbeste aldiz barrara joan eta joan ibili ostean, kalimotxo jarri zuten azkenean. Urtebete beranduago sanferminetara itzuli ginenean, peña guztiek karteletan kalimotxo idatzita zuten. Niri behintzat sekulako ilusioa egin zidan».

Ordutik hona, edaria aski ezaguna egin da eta modalitate berriak ere asmatu izan dituzte. Txintxuk oraindik sinetsi ezinik gogoratu du Munduko kalimotxo koktel lehiaketako epaimahaiko presidente izan zenekoa. «Batek kabiarra zuen. Horrek ez zuen kalimotxo zaporerik! Nik ez dakit zer den hori! Gainera, emaitza jarri behar nion, eta ez nekien zer egin!», esplikatu du barreka.

Errezeta ofiziala

Beraz, eraberritzea, batzuetan, erabaki onena ez dela ikusita, Txintxuk kalimotxo on baten errezeta tradizionala zein den azaldu du: «Ardoa, izotza, coca-cola eta listo. Nahi baduzu, limoi edo laranja bota ahal diozu, baina horrarte».

Ildo horretatik, Txintxuk jakinarazi du berari gehien gustatzen zaion kalimotxoa «txosnetakoa» dela, eta, NAIZentzako esklusiban, aitortu du Antzarretako lagunek «coca-cola 0» botatzen diotela edariari. «Adinaren kontuak! Mundu guztiak ditu azukreak eta gauzak, beraz, coca-cola 0 denontzat!», azaldu du barrez.