NAIZ

Landetako eta Girondako sutea egonkortu da azkenean, 7.400 hektarea erre ondoren

Asteartetik Girondako hegoaldea erasan duen sutea egonkortu dela jakinarazi dute larunbat goiz honetan Akitania Berriko prefeturak eta departamentuko suhiltzaileek. Garren eragina «mugatua» da orain, baieztatu dutenez.

Baso suteen eremu baten aireko ikuspegia, Saint-Magnetik gertu, Estatu frantseseko hego-mendebaldean.
Baso suteen eremu baten aireko ikuspegia, Saint-Magnetik gertu, Estatu frantseseko hego-mendebaldean. (Handout / SDIS 33 | AFP)

Uztailean Landirasen izandako sute erraldoiaren ostean, Landetan eta Gironan sugarrak berpiztu eta 7.400 hektarea kaltetu dituzte astearte honetatik. «Bart gauean suak ez du aurrerapen handirik egin eta periferian egin dute lan suhiltzaileek, prefeturak prentsa ohar batean azaldu duenez.

Girondako suhiltzaile eta erreskate departamentuko Arnaud Mendousse teniente koronelak AFP agentziari agertu dionez «egoera hobetzen ari da» eta sua «itzaltze fasean dago».

Baina «oso adi» jarraitzen dute, jada gar handirik ez badago ere, suak landaredia eta lurra erretzen jarraitzen baitu.

«Goizegi» kontrolatua dagoela segurtatzeko

Météo-Franceren iragarpenen arabera, larunbat arratsalde honetarako 60 kilometro orduko ufadak dituzten trumoi-ekaitzak espero dira inguru horretan.

Bolada horiek «sutea berrabiarazi dezakete», ohartarazi du Mendoussek. Horregatik, «goizegi» iruditzen zaio sua kontrolatua dagoela segurtatzeko.

Goizeko zortziak aldera hezetasuna eta freskotasuna itzuli zirela sumatzen zen Hostenseko segurtasun egoitzan, Landes de Gascogne basoaren bihotzean, baina erretako egur usaina hainbat kilometrotara sentitzen zen, deskribatu du AFPko kazetari batek.

Mila suhiltzaile lanean oraindik

Mila suhiltzaile ari dira lanean oraindik, Europako hainbat herrialdetako errefortzu ugari barne. 77 suhiltzaile austriar iritsi ziren ostiral arratsaldean, Alemaniako eta Errumaniako kideekin bat eginez.

Azken taldea, 146 poloniarrez osatua, larunbat arratsalde honetan espero da. Guztira 361 suhiltzaile iritsi dira Europatik laguntzera.