NAIZ

Girondako eta Landetako suteak ez du hedatze «esanguratsurik» izan eta ez du eraginik mugan

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan normaltasuna da nagusi, Gironda eta Landak kiskaltzen ari den suteak azken egunotan sortutako ilara eta arazoen ondotik. Garrek 7.400 hektarea baino gehiago erre dituzte, nahiz eta azken orduetan ez duten hedatze «esanguratsurik» izan.

Gironda departamentuan lanean ari den suhiltzaile bat.
Gironda departamentuan lanean ari den suhiltzaile bat. (Philippe LOPEZ | AFP)

Akitania Berriko Prefeturak ohar baten bidez ostiral honetan ohartarazi duenez, oraindik ere sugarrak hedatzeko arrisku oso handia dago dago, tenperatura altuak eta lurraren lehortasuna direla eta. 1.100 bat suhiltzaile ari dira itzaltze lanetan, eta horiei Europako hainbat herrialdetako larrialdi taldeak ere gehitu zaizkie.

Ronan Leaustic Arcachongo suprefetak nabarmendu nahi izan du suak gauean aurrerapenik ez izatea «albiste ona» dela berez, eta 10.000 pertsonari eragiten dieten «ebakuazio prebentiboak» defendatu ditu, kosta ahala kosta kalte pertsonalak saihesteko.

Nolanahi ere, agintariek kezkaz ikusten dute piztuta jarraitzen duten suteen bilakaera, batez ere ostiral honetan espero delako egungo bero-boladaren tenperatura maximoa.

Mugako trafikoan eraginik ez

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan ere eragin nabarmena izan du sute honek, tarteka kamioiei igarotzen utzi ez zaielako, baina Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi du ostiral honetan normaltasuna dela nagusi.

Horrez gain, Vandea departamenduan, Estatu frantsesaren mendebaldean, mila pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte baso-sute baten ondorioz. Lehen zantzuen arabera, sute horrek giza jatorria izan du, eta azken orduetan beste sute batzuk ere izan dira Bretainian eta Juran.