NAIZ

Lehortea dela eta, ur edangarria kamioiekin eramaten ari dira Ortzaizera eta Arrosara

Ipar Euskal Herrian dagoen idortea dela eta, egunero ura zisterna-kamioietan eramaten ari dira Ortzaizera eta Arrosara. Bestalde, Ühaitz Handia eta Biduze ibaietatik ura hartzeko murrizketak ezarri ditu prefekturak.

Ühaitz Handia ibaia Mauletik iragaten denean.
Ühaitz Handia ibaia Mauletik iragaten denean. (NAIZ)

Lehortearen ondorioz neurri anitz hartzen ari dira azken asteotan, azkenetako batzuk Ortzaize eta Arrosako biztanleei eragiten die zuzenean. Iturriko ura jaso ahal izateko egunero ura zisterna-kamioiez jasotzen baitute ondoko herrietatik.

Bestalde, Ühaitz Handia eta Biduze ibaietatik ureztatzeko ura hartu ahal izateko murrizketak ezarri ditu prefekturak ostiral arratsalde honetatik goiti, irailaren 30era arte.

Apiriletik dagoen euri eskasiak ibaietan ohi baino ur gutxiago izatea ekarri du, hori dela eta «uraren kalitatea atxiki ahal izateko korronte minimoa» egon dadin hartutako erabakia dela jakinarazia izan da.

Su artifizialak debekatuta

Sute arriskua dela eta ostiral arratsalde honetatik goiti su artifizialak erabiltzea ere debekatuta dago. Lehorteaz gain, eguraldi beroa, basoetan dagoen arrisku handia... dira debekua ezartzeko arrazoiak. Aldi berean, kontuan hartua izan da eskualdean dauden suteengatik baliabideak murritzak direla.

Deliberoa hartzeko mementoa datari lotua ere bada, abuztuaren 15eko festa dela eta, suak, petardoak... botatzeko ohitura baita, bai eta garai honetan dauden herrietako festa ugariak ere.

Salbuespen bakarra, herriko etxeetako arduradunek hilabete bateko aitzinamenduarekin baimena eskatu izana da.

Debeku gehiago ere badaude sute arriskua dela eta, esaterako Angeluko La Pignada eta Lazaret basoak hetsiak dira, eta ez dago irekierako data zehatzik.

Ur murrizketak

Lehorteari aurre egin ahal izateko neurri nagusia abuztuaren 5ean abian ezarri zena da, Lapurdi eta Nafarroa Behererako 95 herriri ur murrizketak ezarri zitzaizkien, eta neurria noiz arte iraunen duen ez dago zehaztuta.

Udal horietan belarra ureztatzea, autoa garbitzea edo igerilekua betetzea debekatuta dago, besteak beste. Ortzaize eta Arrosa herri horien parte dira.