NAIZ

Zezenketen aurkako aldarria ozen entzun da Donostia erdian

Ostiral honetatik igandera bitarte hiru zezenketa programatu dira berriro Illunben eta horren aurka egin dute ehunka lagunek Donostia erdian, Bulebarretik abiatutako manifestazioan.

Animalien eskubideen aldeko leloak Donostian barrena.
Animalien eskubideen aldeko leloak Donostian barrena. (Idoia Zabaleta | Foku)

Aurten ez dira lau izango, hiru baizik, baina zezenketak itzuli dira Donostiara bi urteko etenaldiaren ostean, eta hau salatzeko kalera atera da berriz ehunka lagun Boulebarren. Animalien eskubideak aldarrikatu eta Udalari bestelako jarrera bat exijitu diote, auzi honen inguruan darabilen hipokresia aurpegiratuz. «Zezenketarik ez» leloa erabili dute eta pankarta honen atzean abiatu dira Bulebarretik. Helburu hori lortzea «gure eskuetan da», erantsi dute mezu nagusi horretan.

Jakina denez, Donostiako Udalak Aste Nagusiko egitarau ofizialetik kanpo uzten ditu zezenketak baina EH Bildu agintean zen garaian jarritako oztopoak altxatu ditu. Ondorioz, bere jarrera «ez da nahikoa» Gipuzkoako Plataforma Antitaurinaren ustez: «Tamalgarria da Donostiako gobernuak festetan animaliekiko tratu txarrak onartzea, zezenketarik nahi ez duten herritar gehienen iritziaren kontra».

Dozenaka eragileek osatzen dute plataforma hau. Beren protesta hiriaren erdian entzunarazi dute larunbat honetan, eta igandean zein astelehenean Illunbera igoko dute, zezenketen antolatzaileek gertutik ezagutu dezaten, 17.00etan.

Chopera familia, gainera, gazteak erakartzeko saiakera handia ari da egiten azken urteotan, sarrera merkeak eskainiz, zezenketak betikotzea xede.

EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Duguren ordezkariek parte hartu dute manifestazioan, ehunka herritarrekin batera.