NAIZ

Azkarateko Herriko Etxea enkantean saltzekoa zen Ainciburu familiaren etxaldeaz jabetuko da

Azkarateko Herriko Etxeak enkantean saltzekoa zen Ainciburu familiaren etxaldea erosiko du. Laborari bik, berriz, lurrak eskuratuko dituzte. Azken uneko akordioaren ondorioz, bertan behera gelditu da irailean egitekoa zen enkantea.

Baionako Auzitegian egitekoa zen salmenta enkantea geldiarazi zuten herritarren iragan maiatzean.
Baionako Auzitegian egitekoa zen salmenta enkantea geldiarazi zuten herritarren iragan maiatzean. (Guillaume FAUVEAU)

Azkarateko Herriko Etxeak enkantean saltzekoa zen Ainciburu familiaren ondasunak eskuratuko ditu. Zehazki, etxe bi erosiko ditu herri erakundeak, lurrak bi laborarien esku utziz.

Astearte arratsaldean baieztatu zen Nafarroa Behereko herriak aspalditik espero zuen albistea.

«Irtenbide baikorra atzeman dugu» nabarmendu du Philippe Etchenique Azkarateko auzapezak Mediabask hedakidearekin mintzo.

Herri agintariak zehaztu duenez akordioari esker herri erdigunean kokatzen den eraikinaz ere jabetuko da udala eta «laborantza lurrak berriz ere laborarien esku geldituko dira».

Safer egituraren laguntzarekin erdietsi du salmenta konpromisoa Udalak. Horri esker «higiezinen promotoreak ez dira herrian sartuko», txalotu du Etcheniquek.

Oroitzearren, Ainciburu familiaren ondasunak saltzeko enkantea iragan maiatzaren 12an igarotzekoa zen Baionako Auzitegian.

Enkantea geldiarazi zuten herritarrek

Azkaraten kokaturik den Etxeberria etxeari buruzko salmenta hasteko zelarik audientzia gelan ziren hamarnaka lagun oihuka hasi ziren eta epaileak bertan behera utzi zuen saioa.

Gauzak horrela, ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak luzaturiko mobilizazio deiari erantzunez, herritarrek salmenta gibelatzea lortu zuten.

«Euskal Herria ez da salgai» lelopean igaro zen mobilizazioa babestu zuen etxebizitzaren eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra jarduten duen Alda! mugimenduak txalotu egin zuen «behin behineko garaipena».

Jakin behar da aspalditik Azkarateko Herriko Etxeak ondasunez jabetzeko asmoa agertu zuela. Izan ere, familiak herri erakundearen eskaintza errefusatu du orain arte enkantearen bidezko salmenta desmartxarekin jarraitzeko hautua eginez.

Gauzak horrela Herriko Etxeak enkantera bertaratzeko asmoa zuela iragarri zuen.

Iragan maiatzaren 3an antolaturiko agerraldia egin zuen Azkarateko Udalak salmentaren aurrean tokiko erakundeak hartuko zuen jokabide horren berri emateko.

Agerraldian damu azaldu zen Phiippe Etchenique auzapeza, Herriko Etxeak Azkarateko herriak behar dituen hainbat egitasmo martxan jartzeko baliatu nahi zuela aipaturiko salmenta operazioa nabarmenduz.

Hilabete batzuk igarota, finean, akordioa heldu da. Iduriz, maiatzean Baionako Auzitegian gertatu zen mobilizazioa erabakigarria izan da.

«Bere abokatuaren bidez harrenetan sartu gara Biarritzen bizi den familiarekin akordio bat egiteko proposamena luzatzeko eta azkenean, badira aste bi, konpromisoa lortu dugu», laburbildu du Azkarateko alkateak. «Lehenik eta behin herritarrekin partekatu nahi izan dugu albiste ona eta jendearen erantzuna zinez baikorra izan da«, gehitu du hautetsi nafarrak.

Orotara 31 hektarea laborantza lur, etxe bi eta Baigorri-Ortzaize eskualdeko herriaren muinean dauden bertze hainbat orube enkantearen bidez saltzeko saioa ez da beraz irailean eginen.

Ondasunak 164.00 eurotan atera ziren enkantean iragan maiatzean. Izan ere prozedura bururaino eramana izan balitz salmenta prezioa askoz altuagoa izanen zela aurreikusi zezakeen, higiezinen promotoreen interesa ikusita.

Orain gauzatu den salmentaren kopuru zehatza eman gabe ere -akordioren hainbat atal pribatuak direlako- auzapezak baieztatu du «prezio egokia» errespetatua izan dela bai etxeak baita lurrak ere erosteko unean. Hain zuzen 21 urteko laborari azkaratar batek eta eskualde bereko 42 urteko bertze laborari batek erosiko dituzte berriz ere laborantzako baliatuko diren lurrak.

Udalak 539.000 euro ordaindu ditu beregain hartuko dituen bi eraikinengatik.