NAIZ

Busturialdera ur edangarria eramateko tangaontzia konektatu dute, kritika artean

Datozen asteetan ur edangarria ontzi batean garraiatuko da Bilboko portutik Busturialdera, 1,8 milioiko gastua dakarren eta gaur, euria Euskal Herrira iristearekin batera, konektatu duten tangaontzian. EH Bilduk eta Equok, besteak beste, gogor salatu dute neurri koiuntural hau.

Busturialdera ur edangarria garraiatuko duen tangaontzia.
Busturialdera ur edangarria garraiatuko duen tangaontzia. (Europa Press)

Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa gaur hasi da, tangaontzia konektatuta, Busturialdeko hornidura sistema sarean ura sartzen. Ontzi honek, datozen asteetan, ura garraiatuko du Bilboko portutik bertara. Eskualdean bizi den «aparteko egoeraren ondorioz» hartutako neurriak 1,8 milioi euroko gastua dakar berarekin eta Ur Patzuergoak «salbuespen neurri» gisa definitu du.

Itsasontziak 4.000 m³ ur biltzeko edukiera dauka eta Santurtzi eta Bermeo lotuko ditu urrira arte, 40 orduro. «Eskualdea hornitzen duten ibilguen egoera  okerragotu egin da abuztuaren 5az geroztik, gaur egungo larrialdi egoera lehengoratzeko prezipitazio nahikorik egon ez izanagatik eta tenperatura altuko egun ugariengatik», nabarmentzen du Patzuergoak. Egoera larria izanagatik ere, neurria euria Euskal Herrira itzultzearekin batera iritsi da.

Ur defizita «historikoa» dela azpimarratzen du Patzuergoaren oharrak. Hori dela-eta, uztailaren erdialdetik Busturialdeko udalerri guztietan zenbait murrizketa daude: botoirik ez duten iturriak ixtea, parkeak eta ortuak ureztatzeko debekua, kale garbiketak soilik «behar-beharrezkoak» direnean egitea eta igerileku pribatuak betetzea debekatzea, besteak beste.

Aurreikusten dutenaren arabera, ontzia urriaren erdialdera arte egonen da martxan. «Hasieran egindako kalkulu garbiaren arabera, 2.000 m³-ko ekarpen garbia egingo du egunean», azpimarratu dute.

Etorkizunera begira, beste neurri batzuk ditu agendan Patzuergoak. «Zadorra sistematik datorren ur sistemarako konexia 15 kilometroko hodi baten bidez egingo da. Proiektu handia da, konplexutasun tekniko handia duena, zeinetan inbertsio oso handia egin beharko baita, bai ekonomikoki, bai denborari dagokionez». Eta, hau gauzatu arte hornidura bermatzeko «ezohiko irtenbideak» hartu beharko direla aurreikusten du. Zentzu horretan hainbat proiektu ere abian daudela ekarri du gogora: Golako eroanbidea berritzea, Forua-Murueta sistema Gernika sistemarekin lotzea, Oiz mendian bilketa berriak egitea eta Gernikan biltegi berria jartzea. 10 milioiko kostua izango du guzti honek, Patzuergoaren arabera.

Hala ere, azken egunetan, kritika ugari jaso ditu tangaontziaren proiektuak. Bermeoko EH Bilduk, «ura negozio pribatu bihurtzea» leporatu zion EAJ-ri. EH Bilduk ur defizitaren arazoa «aspalditik» datorrela azpimarratu du, eta uraren kudeaketa eredu publiko bat aldarrikatu zuen, «herritarrek interes orokorreko zerbitzu gisa dituzten eskubideak errespetatuko dituena».

Zentzu berean hitz egin zuen atzo Equo-k, urteetan «inbertsiorik egin ez ostean» orain, neurri koiuntural batean 1,8 milioi xahutzea gaitzetsi zuen. «Orain konponbide garestietara jo behar dute, saneamendu eta hornikuntza sare on bat izanez gero saihestu zitezkeenak».

Arazoak

Asteazken honetan, sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus zitekeenez, ontziko hodietatik ura itsasoratzen. Partzuergoko arduradunek Santurtziko portuan kokatu dute irudia, baina ‘Berria’ egunkariak Santurtzin kokatu du. Arduradunen esanetan, hodietako bat askatu egin zen, baina «segituan» konpondu zuten, zehaztapen gehiago eskaini gabe.