Asier Robles

Independentziaren aldarria lehen lerroan Bizkaiko Gazte Egunean

Ehunka gazte bildu dira astearte honetan Ernaik Bilboko Aste Nagusiaren harira antolatutako Bizkaiko Gazte Egunean. Aisialdia eta bazkariaz gain, irakurketa politikoa plazaratu dute, independentziaren aldarria lau haizeetara zabalduz.

Bizkaiko Gazte Eguneko bazkaria, Kaskagorrin.
Bizkaiko Gazte Eguneko bazkaria, Kaskagorrin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bizkaiko gazte independentistek biltzeko espazioa izan dute gaur Ernai antolakundeak Bilboko Aste Nagusiaren harira antolatutako Bizkaiko Gazte Eguna. Bere III. Kongresuaren osteko testuinguruan kokatu dute eguna: gazte independentistak bildu eta kongresuko tesi nagusiak sozializatzeko; nazio pultsua belaunaldi berri baten borrokarekin berrindartzeko; gazte batasuna oinarri hartuta bizi baldintza eta bizi ereduen zein zapalkuntza ororen aurkako gazte frontea eraikitzeko deia egiteko; eta independentziaren aldarrikapena lehen lerroan kokatzeko.

Hiru urte eta gero, Bizkaiko Gazte independentisten bilgunea izan eta aisialdi eskaintza oparoaz gozatzeko eguna izan da. 12.30ean hasi da egitaraua Kaskagorri gazte konpartsaren txosnan egindako harrerarekin. Ondoren, marianito pintxada egon da. Errondabide Kultur Elkartetik hasita, Bilboko Alde Zaharreko hainbat kale eta tabernetatik igaro dira gazteek giro alaitzen musikarekin.

15.00ak pasata hasi da bazkaria Kaskagorrin. 300 gazte baino gehiago bildu dira paellaz gozatzeko. Txan Magoa girotu du bazkalostea.

Indarrak hartu ondoren, Gotx elektrotxarangarekin abiatu dira gazteek txosnagunetik giroa pizten. 21.00etan ekitaldi nagusia izan da eta 23.30etik aurrera Madmuasel eta Marina Gris igoko dira Kaskagorriko oholtzara gaua alaitzeko.

Burujabetza eta boterea eskuratzearen «beharra»

«Gazte frontearen karrila da gure apustu politikorik nagusiena ziklo honetan, baina ez ditugu ahazten herri gisa ditugun erronkak, gazteok ere gure hartzen ditugunak. Horregatik euskal herriaren nazio pultsua indartzeko apustua egiten dugu», adierazi dute Ernaiko kideek hitzartzean.

Euskal herria «ukatua eta zapaldua» dela gogoratu zuten, eta egoera hori iraultzeko apustuan berretsi ziren: «Ezkerreko abertzaletasuna eta independentismoa gazteen artean eraikitzera goaz. Euskal Herria eraikitzeko bidea delako, bizi baldintza duinak herri duin batean eskuratzeko, burujabetza osoa eta eremu guztietan lortzeko, eta herri honen askapenak dakarrelako gizarte berri bat eraikitzeko aukera».

Hortik tiraka, argi utzi nahi izan zuten «Euskal Herrian sozialismoa, feminismoa edota euskararen biziraupena, besteak beste, euskal estatuaren erdiespenarekin lotuta ulertzen ditugula. Horregatik: Inoiz baino argiago, burujabetza eta boterea eskuratzea izan behar da gure apustua, eraldaketaren gakoa».

«Berdin ulertzen ditugu ekologismoa edo transmaribibollo borroka. Borroka eraldatzaileetatik ikasi, gure proiektua aberastu eta zapalkuntza guztiak gaindituko dituen mundua eraikitzera goaz, euskal herria eraikitzera goaz», adierazi dute