Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Behi lodien garaiaren amaiera

Urte politikoa abian eman du aste honetan frantses Gobernuak. Horren karietara, exekutiboak hartu behar lukeen aldarteari buruz lehenengo agiantzak barreiatu ditu Emmanuel Macronek. Demagogian erortzeko arriskuari buruz oharra eginez, behi lodien garaiaren amaiera iragarri du Eliseoko maizterrak.

160 miliar banatu zuten beren akziodunen artean CAC40 rankingean agertzen diren enpresa handiek iragan urtean frantses Estatuan. Anartean, pobreziaren tasak bere horretan jarraitu zuen. Alta, 2014 eta 2018 urte arteko epea aintzat hartuta, bederatzi puntu gora egin zuen pobre izatearen «pertzepzioak», batez besteko tasa %9tik 17ra emendatuz.

Oparotasun aroaren bukaera aipatu duenean, zehazki zer irizpide baliatu ditu frantses presidenteak?

Europar Batasuneko beste gobernuen gisara, Parisek ere herritar arruntari zuzendutako gomendio sorta besapean hartuta heldu dio energiaren krisiari azkeneko asteetan. EDF argindar konpainia birnazionalizatzeko hautua egin aitzin, 2022ko lehenengo seihilekoan 1.400 milioi gutxiago irabaziko zituela aitortu zuen multinazionalak. Hala eta guztiz ere, bere aurreneko urteko bilanean irakur daitekeenaren arabera, 2021a «azkeneko sei urteetako oparoena izan zen» argindar konpainiarentzat.

Horrekin batera, hipokrisia alde batera uzteko gomendioa eman du Macronek. Oraingoan ere, nor da mezuaren jasotzailea? Ukrainaren aurkako eraso militarra hasi zenetik sei hilabete bete diren astean, energiaren beste zigantea jomugan jarri du prentsa hexagonalak. Hala, Total Energies enpresak garraiatzen duen gasa, bidezidorra harturik, Errusiako hegazkinek behar duten erregaia bilakatzen dela iradoki du “Le Monde” egunkariak eginiko inkestak.

Europar Batasuneko txandakako frantses presidentetzaren garaian gerraren erantzuleetariko nagusia den Vladimir Putinekin haria zabalik ukan zuen Emmanuel Macronek, bere itzala handitzearekin batera frantses diplomaziaren eskarmentua agerian jarriz. Alta, EBko aliatuei Washingtonek ezarritako partitura jotzen ikusi dugu azken garaian hipokrisia eta demagogia albo batera uzteko aholkua eman duen kudeatzaile liberala.

Urte hasiera beroa izanen da. Aurreikusi gabeko egoera, aro edo abagune bat iraganeko «klixe» horrekin ezaugarritzea, seguruenik, lehenengo akatsa litzateke. Klima larrialdiaren gainean hamarkada luzetan jasotako aurreikuspenak gainditutzat emateko arrazoi ugari utzi digulako bere azkenetan dagoen udarak.

Finean, axolagabekeriaren aroa agortutzat eman du Macronek, lehenik finantza krisiak eta ondoren pandemiak ekarritako albo kalte gehienak beren larruan ordaindu dituzten herritar sektoreengana paternalismoz apainduriko mehatxua bideratuz. Klima larrialdiak sorturiko erronkari ikuspegi zabal eta integratzailearekin erantzun ordez, azken babes sareak ahultzeko apustu irmoa du Macronek. Kurtso hasierako agendari erreparatu besterik ez dago. Menua ez da edonolakoa, langabeziaren eta erretreta sistemaren erreformak mahai gainean ezarriko ditu Gobernuak.

Horren aurrean, inoiz baino beharrezkoago izanen da, kalean sorturiko indar harremana zaintzea soilik ez, baizik eta garai berrietara egokituz estrategiak moldatu, osatu eta konpartitzeko gaitasuna, betiere zentzu kolektiboa landuz. •