Jon Ormazabal

Udan ere irabaztearen erronka izango du aurrean Irribarriak Donostian

Lekeition arratsaldez Masterseko lehen fasean kanporatuta geratzen den bikotearen izena ezagutuko dugu, Laso-Martija eta Urrutikoetxea-Rezusta arteko partidako galtzaileak agur esango dio lehiaketari.

Iker Irribarria pilota astintzen uda honetako partida batean.
Iker Irribarria pilota astintzen uda honetako partida batean. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Azkar, inork baino azkarrago, ikasi zuen Iker Irribarriak zer den lehen mailako txapel ofizial bat irabaztea. Aramakoa izan zen Buruz Burukoan, 19 urterekin, eta Binakakoan, bat gehiagorekin, txapela janzten pilotaririk gazteena, baina udako torneoetan oraindik ez du irabazterik lortu, 2018ko taldekako Bizkaia torneo berezia albo batera uzten badugu. 2019ko urrian jokatutako Codere Mastersa du jokatutako zortzigarren eta azken finala eta ostiral gau honetan Donostian bere lehen udako torneoa lortzeko aukera izango du, Jon Ander Albisu lagun, Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrenaren aurka. 

Erronka ez da edonolakoa, Berriozarko atzelaria sasoi itzelean heltzen delako final honetara, uztaila eta abuztua jokatutako 14 partidetatik hiru bakarrik galduta, -azken bostetan garaipena eskuratuta dator– baina aurreko igandean ere ia ezinezkoa zirudien Laso-Zabaleta bezalako bikote bati aurre egitea eta goierritarrek nagusitasunez eta ondo merezita lortu zuten finalerako txartela, partida serio eta ona jokatu eta aurkariek emandako erraztasunei etekina ateraz. 

Binakako partida gehienetan gertatu ohi den bezala, Atano III.eko finala atzeko koadroetan erabakiko da hein handi batean eta Irribarriak udan emaitza onik lortu ez duen bitartean, bera atzelariak laugarren garaipena nahi du Donostiako ferian. Uda ez da bereziki gozoa izaten ari ataundarrarentzat, fisikoki arazoren bat izatean gain emaitza onik pilatu ezinik zebilen aspalditxo luzean, baina aurreko igandean partida borobila jokatu zuen, noren eta Jose Javier Zabaletaten aurka. Maila hori berdindu beharko du Mariezkurrenari eutsi eta tarteka bizkarra erakutsi nahi baitio, nafarra udako atzelaririk onena izaten ari da eta, Iruñea eta Bilboko torneoak irabazita.

Aurrean, molde antzeko bi aurrelari ariko dira parez pare, gantxoz tantoa amaitu baino, partidari erritmoa jartzea gustatzen zaien horietakoa eta errematean gehien asmatzen duenak ere asko izango du irabazia, Donostiakoa bezalako lur biziko pilotaleku batean. 

Mastersa, Lekeition

Baina Donostiako finalaz harago, Lekeition ere partida erabakigarria jokatuko dute, kasu honetan, Mastersaren barruan, Laso-Martija eta Urrutikoetxea-Rezustak. Santi Brouard pilotalekuan ekingo zaio udako txapelketa honen lehen ligaxkako azken jardunaldiari eta ez edonolako partida batekin, aurrera egitea izango baitute jokoan bi bikoteek. Sailkapeneko azken bi postuetan kokatuta daude bi bikoteak, azken aurrenak nafarrak garaipen bakarrarekin eta zuloan bizkaitarra eta gipuzkoarra, punturik gabe. Hala ere, biek aurrera egiteko aukera berak dituzte, irabazten duenak finalerdietarako playofferako txartel bat eskuratuko duelako eta galtzaileek agur esango baitiote txapelketari.