Jon Ormazabal

Irribarrea berreskuratuta, Danel Elezkano ordezko on bat baino askoz gehiago da

Zaratamokoaren eta Imazen garaipen erosoarekin (22-9), Altuna III.ak eta oiartzuarrak Urrutikoetxea-Rezustarekin jokatuko dute finalerdietarako play-offa eta kaxkar aritu diten Irribarria eta Albisuk atzo ere partida onik egin ez zuten Jaka-Zabaletaren aurka.

Danel Elezkanok partida borobila jokatu du Lekeition.
Danel Elezkanok partida borobila jokatu du Lekeition. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Uda sasoi honetan, pilotari bakoitzaren gorputzaldia eta sentsazioak oso dira desberdinak. Danel Elezkanok ez du onenen artean jokatzeko aukera askorik izan baina, uda aurretik izandako txakalaldia gaindituta, fresko eta sasoiko dago Zaratamokoa. Ez da oso pertsona txeratsua, baina partida hasi aurretik aurpegian marraztua zuen irribarreak hala erakusten zuen eta, Bilbon egin zuen bezala, Lekeition ere bere aukerari primeran atera dio etekina, Jokin Altunaren ordez partida ikusgarri bat jokatu eta garaipenaz harago, pilotaririk onenaren saria merezimendu osoz etxera eramateko.

Txanpon beraren beste aurpegia izan diren Irribarria-Albisu erraz (22-9) gailenduta, Masterseko ligaxkako bigarren postua eskuratu dute amezketarrak eta Imazek eta Urrutikoetxea-Rezusta izango dituzte arerio finalerdietarako play offetan eta azken jardunaldian euren mailatik urrun izan diren bi bikoteek, Irribarria-Albisuk eta Jaka-Zabaletak euren artean. Ezkudia-Mariezkurrenak, ligaxkan lehen postuan amaituta finalerdietan itxoingo diete kanporaketako hiru onenei, bi irabazleei eta, lehiaketa sistema arraro honek hala erabakita, galtzaileen artean tantorik gehien egiten dituen galtzaileari.

Alde horretatik, igandeko Lezamako eta gaurko Lekeitiokoak antz handia izan dute, elkarren aurka aritutako bi bikoteen artean esperotakoa baino askoz alde handiagoa izan baita, hein batean, garaileen merituak nolabait gutxietsiz. Lezaman Jaka-Zabaletak bezala, Lekeition Irribarria-Albisuk erraztasun handiak eman dituzte, akatsa gehiegi biltzeaz gain, piloteoan espero zen nagusitasunaren arrastorik ez baita izan euren alde.

Eta Lezaman protagonista Jon Mariezkurrena izan bazen, Lekeition, Imaz sendo batek lagunduta, Danel Elezkano izan da aldeak egin dituena. Partida hasieratik gorriek oso argi izan dute erritmoa jartzeak asko erraztuko ziela bidea eta, sake-errematetik hasita, horretan saiatu da Zaratamokoa, erasoan oso ausart arituta. Aurkariak etengabe alderik alde mugiarazten, kantxan deseroso sentiarazi ditu gaurkoan erantzuteko sasoirik eta ideiarik izan ez duten bi goierritarrak.

Nahi eta ezin

Ostiralean Donostian, galdu arren, itxura txukuna eman bazuten, gaurkoan egun aldrebesa izan dute biek eta euren mailatik oso urrun, erraztasun handiak eman dituzte, kantxan espero zen bezala ez nagusitzeaz harago, pilota asko huts eginez, erraztasun handiak emanda.

Gauzak horrela, partidako lehen eta azken berdinketaren ostean, gorriek partida euren aldera hautsi dute 7-0eko partzial batekin, aurkarien erantzunik ez da izan eta.

 

FITXA TEKNIKOA:

Elezkano-Imaz:22
irribarria-Albisu: 9

Pilotakadak: 375. Iraupena: 45,30 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 8-1, 8-2, 10-3, 11-3, 11-6, 13-6, 13-7, 17-7, 17-8, 20-8, 20-9, 22-9. Sakeak: 3 Elezkanok eta 0 Irribarriak. Egindakoak: 8 Elezkanok, 3 Imazek, 4 Irribarriak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 2 Elezkanok, 1 Imazek, 4 Irribarriak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera erdia baino zerbait gehiago Lekeition.