Manex Altuna

Guruzeta eta golak egiteko gosea

Lezaman egindako agerraldian ez du zenbakirik aipatu nahi izan, baina donostiarrak argi dauka aurrelari bezala ahalik eta gol gehien egitea dela bere eginkizun nagusia. Bi egin zituen Cadizen eta taldeari laguntzen jarraitzeko gogotsu dagoela azpimarratu du.

Guruzetak bi gol egin zituen Cadizen kontrako partidan.
Guruzetak bi gol egin zituen Cadizen kontrako partidan. (@AthleticClub)

Amorebietarekin Bigarren Mailan egindako 13 golei esker, Athleticera itzultzeko aukera izan du Gorka Guruzetak uda honetan. 26 urte egingo ditu hurrengo astean eta badaki zein den taldeari laguntzeko egin beharra daukan lana. Lezamako prentsa aretoan azaldu duenez, aurrelari guztiei bezala areatik gertu egoteko eskatzen dio Valverdek, jokaldiak amaitu eta golak egiten saiatzeko.

Bi egin zituen Cadizen eta golak egiteko sena daukala erakutsi zuen. Lehenengoan areaz kanpo geratu zitzaion baloia, buelta eman eta atera jaurti zuen bitan pentsatu gabe. Bigarrenean Morcillok emandako pasea barrura bidali zuen lehen ukituan.

Aurrelari donostiarrak aitortu du ez zuela espero bi gol egin ahal izatea lau jardunaldi bakarrik igaro direnean. Lasaitasun puntu bat eman diote. Lehen Mailan sartzen dituen lehenak izan baitira. Athleticekin egindako beste gola Kopan sartu zuen Sevillan 2019an, Garitano entrenatzailea zelarik. Baina gehiago egiteko gogotsu dago. Golak egiteko gosearekin jarraitzen du. Ez du zifrarik eman nahi izan, helburua taldeari ahalik eta gehien laguntzea dela azpimarratuz.

Asier Villalibre izan zen erdiko aurrelaria Mallorcaren kontrako lehen jardunaldian. Taldeak gola egitea behar zuenez, Guruzeta eta Raul Garcia sartu ziren bigarren zatian. Nafarra aurrerago kokatu zen eta donostiarra bere atzetik. Iñaki Williamsek hegaletik jokatu zuen lehen partida, baina hurrengo hiru jardunaldietan erdiko aurrelari gisa zelairatu du Valverdek.

Lesionatu egin zen Cadizen eta Guruzetak ordezkatu zuen. Donostiarrak golekin erantzun zuen eta, egindako lan onari esker, lehen aldaketa izan zen hurrengo partidan. Athleticek gola egin beharra zeukan Espanyolen aurka eta Valverdek Guruzeta aukeratu zuen. Villalibre jokatu gabe geratu da lehen jardunalditik eta Raul Garciak minutuak izan ditu norgehiagoka guztietan, baina postu ezberdinetan.

Guruzetari berdin zaio non jokatzen duen. Ezker hegaletik ere aritu izan da gazte sasoian. Bilbao Athleticekin 18 gol egindakoa da Bigarren B mailan 2017-18 denboraldian. Lehen taldera igo zuen Berizzok hurrengo urtean. Argentinarra kaleratua izan zen eta Garitanorekin ez zuen jokatu. Bigarren taldera jaitsi zen eta lesio larri bat izan zuen. Athleticekin kontratua amaitu eta Sabadellera joan zen Bigarren Mailan. Hiru gol egin zituen. Amorebietan jarraitu zuen bere ibilbidea eta Athleticera itzultzeko aukera irabazi zuen.

Talde zuri-gorriak golak egiteko zailtasunak izan ditu Liga hasieran. Cadizen lau egin arren, bakar bat eskuratu du San Mamesen jokatutako hiru partidetan. Guruzetak bezala, bi gol egin ditu Berenguerrek eta bestea Iñaki Williamsek. Europako postuetako lehian egoteko beharrezkoa da erasoan eraginkorragoa izatea partida gehiago irabazi ahal izateko.

Lezamako albisteak

Valverde jokalariei azalpenak ematen. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Athleticek zaleen babesa jaso du gaur goizean Lezaman egindako lan saioan. Herrera eta Iñigo Martinez gainontzeko taldekide guztiekin batera aritu dira, Julen Agirrezabala atezain gaztea bezala. Hirurak azken deialdian sartu ziren, baina ez zuten jokatu. Iñaki Williams hamaikakoan izan zen Espanyolen kontrakoan eta orkatilean zituen minak gainditu dituela ematen du.

Bestalde, Mikel Vesga bere kabuz egon da entrenatzen. Klubak ez du mediku txostenik argitaratu eta, Guruzetak berak esan duenez, ostegunean taldekideekin batera aritzeko asmoa dauka.

Balenziaga eta Yuri, berriz, min hartuta daude oraindik eta ez dira Elx taldearen kontra jokatzeko moduan egongo. Zuri-gorrien aurkariek puntu bakar bat lortu dute lehen jardunaldietan eta sailkapenaren zuloan daude.

Lezamako kontuekin jarraituz, ‘Deia’ egunkariak argitaratu duenez, «fitxaketa» berriak egin ditu klubak. Azken bi denboraldietan Sestao River taldeko kirol zuzendaria izan den Ander Vidalek zuzendari postu bat izango du harrobi zuri-gorrian. Aldi berean, lehen taldeko jokalari izandako Eneko Boveda ere Lezamako egituran sartzekoa da. Denboraldi honen amaieran utzi du futbola durangarrak Txipren jokatu eta gero. Eibarren eta Deportivon ere aritutakoa da.