NAIZ

Solokoetxeko igogailuaren titulartasuna Udalak izatea eskatu du EH Bilduk, zerbitzua berpizteko

EH Bilduk Lakuako Gobernuarekin hitzarmena sinatzeko eskatu dio Bilboko udal Gobernuari, Solokoetxeko igogailuaren titulartasuna transferi diezaion, berriro ireki dezan.

EH Bilduren prentsaurrekoa Solokoetxeko igogailuari buruz.
EH Bilduren prentsaurrekoa Solokoetxeko igogailuari buruz. (EH BILDU)

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, udal Gobernuari Solokoetxeko igogailuaren bideragarritasunari buruzko azterlan bat egin dezala eskatuz; berrirekitzeko egin beharreko inbertsioa, mantentzea, zerbitzuaren urteko kostua eta zonaldeko mugikortasun premiak kontuan hartuko dituen azterlana, hain zuzen ere.

Era berean, udal Gobernuari eskatzen dio Lakuako Gobernuarekin hitzarmen bat sina dezala Solokoetxeko igogailuaren titulartasuna Bilboko Udalari transferitzeko, berriro ireki dezan.

Ildo beretik, koalizio subiranistak ekimen bat erregistratu du Lakuan Arangoitiko, Begoñako eta Solokoetxeko igogailuak Bilboko Udalaren eskuetara modu negoziatuan eta adostuan pasatzea eskatzeko, eta ez Kable bidezko Garraioaren Legearen xedapen gisa.

Hala jakinarazi dute gaur Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak eta Jone Goirizelaia udal taldeko bozeramaileak, auzoko bizilagunekin batera, joan den ekainaren 17an itxi zuten Solokoetxeko igogailuaren aurrean egindako agerraldian.

«Ekainean Solokoetxeko igogailuari buruzko EH Bilduren mozioa eztabaidatu ez ondoren, Gobernu taldeak ez baitzuen onartu haren premia, ekimen berri hau erregistratu dugu, auzoko bizilagunek bizi dituzten mugikortasun eta irisgarritasun arazoak kontuan hartuta eta haien beharrei erantzuteko asmoz», azaldu du Jone Goirizelaiak.

Gogorarazi duenez, 87 urteko jardueraren ondoren, enpresa emakidadunak bat-batean itxi zuen Solokoetxeko igogailua, eta, jarraian, udal Gobernuak iragarri zuen igogailu alternatibo berri bat eraikiko zuela, «bizilagunen iritzia eta beharrak kontuan hartu gabe, eta igogailu zaharrak eskaintzen zuen zerbitzua mantentzearen eta birmoldatzearen kostuak aztertu gabe».

Gainera, esan duenez, udal gobernuak autobus anezka bat jarri du martxan alternatiba gisa, eta «hori ezin da alderatu, ez denboran ez kalitatean, igogailuak eskaintzen zuen zerbitzuarekin: maiztasun askoz txikiagoa, itxarote denborak eta ibilbidea luzeagoak eta irisgarritasun unibertsala ez da bermatzen (zailtasunak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, erosketa orgak edo haur kotxeak dituzten pertsonentzat)».

Igogailu publikoak eta doakoak

Bestalde, Fernandez de Betoñok azaldu du Euskal Herrian igogailu publiko ugari daudela, gehienak udalen esku daudenak. Hala ere, esan duenez, Lakuako Gobernuarenak diren eta aspalditik emakidan dauden 3 igogailu publiko daude.

Hirurak, hain zuzen ere, Bilbon: Arangoitikoa, 12 urte zerbitzurik eman gabe; Begoñakoa, 8 urte itxita, eta Solokoetxekoa, aurtengo ekainean itxi dutena. Haien transferentzia eskatzeaz gain, EH Bilduk galdegin du Lakuak aztertu eta kalkulatu ditzala hiru igogailuak berriz ere martxan jartzeko behar diren eraberritze obrak eta haien aurrekontuak, «ezin direlako traspasatu egoera kaskarrean dauden azpiegiturak».

Laburbilduz, Lakuak Bilboko Udalarekin akordio bat egin dezala proposatzen du EH Bilduk, hiru igogailuak Udalaren eskuetara pasatzeko, igogailuak berriz ere martxan jartzeko urratsak adostuz, beharrezko obren finantzazioa barne.